Gainetik pasa zaio Alacanteko taldea Sammic ISBri

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko abe. 15a, 09:10
Sammic ISB taldea.

Bigarren laurdenean partida apurtu ostean, ezinean ibili zen Iker Buenoren taldea gainontzeko minutuetan, eta 49 eta 83 galdu du neurketa. Buenok "barkamena" eskatu die zaleei "taldeak emandako irudiagatik".

Egun txarra izan zen atzokoa Sammic ISBrentzat. Ate irekietako partida izanik, Azpeitiko kiroldegiko harmaila jendez beteta zegoen Sammic ISB eta Lucentum Alicanteren arteko norgehiagoka ikusteko. Ilusioa eta saskibaloiaz gozatzeko aukera, ordea, segituan joan zitzaizkien gerturatutako zale guztiei. Lehen laurden berdindua ikusi ondoren, kanpoko taldeak bost hiruko jarraian sartu eta 14 eta 28ko partziala eskuratu zuen bigarren laurdenean. Orduan apurtu zen partida. Handik aurrera, etxeko taldeak besoak jaitsi zituen, eta 49 eta 83 galdu dute neurketa. Bost partida galduta, Iker Buenoren taldea sailkapeneko seigarren postuan da.

Hirukoarekin estreinatu zuen markagailua Lucentum Alicantek. Hasieratik, bi taldeak partidako erritmoa eskuratu nahian ibili ziren, kontraeraso azkarrak egin nahian. Partzial txikiak eginez ibili ziren azpeitiarrak, eta kanpoko taldeak izan ditu abantaila txikiak. Horrela aritu ziren lehen bost minutuetan: 10 eta 12. Ordutik aurrera defentsak estutu zituzten bi taldeek eta saskiratzeen maila jaitsi egin zen. Sammic ISBk lan ona egn zuen defentsan, atzeko errebotea oso ondo itxiaz. Laurden amaieran, ordea, 15 eta 16 zioen markagailuak.

Bigarren laurdena Sammic ISBren saskiratzearekin hasi zen. Horrela, partidan lehen aldiz aurretik jarri zen etxeko taldea, eta aurretik 29 minutu interesgarri izango zirela zirudien. Minutu batzuk aurrera egin ahala, baina, bi taldeak zonakako defentsan jarri ziren eta orduan iritsi zen gainbehera. Iraurgiko mutilek ez zuten asmatu nola egin aurre defentsari, eta kanpoko taldeak bost hiruko jarraian sartu zituen. 0 eta 9ko partziala lortuta, tarteak handitu zituen Lucentumek, batez ere, Vidalen eskutik (3 triple jarraian sartu ditu). Markagailuak 28 eta 42 adierazten zuela, borroka egiteari utzi zioten Buenoren mutilek, eta partida galdutzat jo zuten. Atsedenaldian 29 eta 44koa zen markagailua.

Atsedenalditik aurrera partidak ez zuen istoriorik izan. Azpeitiko mutilek azkar egin nahi izan zioten aurre partidari eta horrek prezipitaziora eraman zituen. Kanpoko taldeak, berriz, euren jokoa egiten jarraitu zuen eta apurka-apurka tartea puzten joan ziren. Laurden erdian, 20 puntutakoa zen desberdintasuna eta etxekoek ez zeukaten horri aurre egiteko indarrik. Laurdenean hamar puntu sartu zituen Sammic ISB taldeak eta amaieran 39 eta 59 galtzen iritsi ziren.

Azken laurdenean, Sammic ISBk kantxa osoko defentsa egin zuen eta hasiera batean bere fruitua emango zuela zirudien. Hala ere, defentsan baloiak berreskuratu arren, aurrean ez zuten eguna izan eta ez ziren gai izan saskiratze errazak sartzeko ere. Kanpoko taldeak nahi bezala jokatu zuen eta tartea oraindik eta gehiago zabalduz, azkeneko emaitza 49 eta 83 izan zen.

Iker Bueno ISBko entrenatzaileak dioenez, "talde bakarra" izan da partidan: "Talde bat egon da kantxan hasieratik. Gure taldea ez da momentu batean ere egon. Batez ere, buruz. Ekipoak ez dio mentalki partiduari ondo egin aurre. Ez dugu ez izaerarik ez intentsitaterik izan defentsan eta beraiek erraz jokatu dute. Beraiek erraz, eroso, jokatu dute bai erasoan eta baita defentsan ere. Gu oso ideia gutxirekin ibili gara, bai zonakako defentsaren aurka eta baita banakako defentsaren aurka ere. Baina arazoa, erasoan baino gehiago defentsan izan da. Gaur ez dugu beraiek adinako esfortzua egin defentsan, beraiek askoz gehiago borrokatu dute. Denean irabazi digute, ehuneko guztietan...". Hori dela eta, emandako itxurarekin "minduta" dagoela adierazi du. "Minduta nago eman dugun itxurarekin. Uste dut talde honek erakutsi duela gauzak axola zaizkionean ondo egiten badakizkiela, baina gaurko itxurarekin ezin dugu inora joan. Gehiena sentitzen dudana zaleen aurrean emandako irudia da. Sentitzen dugula esan nahi diet. Ezin dio talde batek borrokatzeari utzi, besoak jaitsi. Berdin da noren aurka jokatzen ari zaren. Beraz, barkamena eskatzea eta lanean jarraitzea tokatzen zaigu asteazkenean beste partida bat daukagu eta".

MVP: Javier Hernandez. 9 puntu sartuta, 7 errebote eskuratuta, 7 asistentzia banatuta eta 2 falta jasota. Guztira, 21 puntuko balorazioa.

Saskiratzaileak: 15-16/14-28/10-15/10-24.

SAMMIC ISB: Ucles (13),Oroz (8), Mendoza (6),Zubizarreta (3), Mayer (3) – hasierako bostekoan –Ugarabe (8), Iradier, Urtxulutegi, Garrett (4), Astigarraga, Arruti, Camarasa (4).

LUCENTUM ALICANTE: Marin (7), Navajas (6), Dominguez (4), Pardina (14), Hernandez (9) - hasierako bostekoan - Fuentes, Ortin, Vidal (15), Perez (9), Gomez (5), Bitjaa(14).