Aranur ISB taldeko bost jokalari Euskadiko Txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko abe. 10a, 11:16

Gipuzkoako selekzioarekin aritu dira Ainhoa Bereziartua, Maite Galdos, Maitane Dominguez, Oihane Aizpurua eta Eneritz Larrañaga. Bestalde, Aitor Astigarragak eta Amets Amubietak ezin izan dute partidurik irabazi eta hirugarren gelditu dira.

Pasa den asteburuan junior mailako Gipuzkoako selekzioek Euskadiko Txapelketak jokatu zituzten Amurrion eta bertan aritu ziren Iraurgi SBko hainbat jokalari. Neskek txapelketa biribila jokatu zuten eta bi partiduak irabazi zituzten erraztasunez. Taldearentzat oso jokalari garrantzitsuak izan dira Ainhoa Bereziartua, Maite Galdos, Eneritz Larrañaga, Oihane Aizpurua eta Maitane Dominguez azpeitiarrak, eta oso paper ona bete dute txapelketan. Bestalde, mutilen selekzioan bi jokalari izan ditugu: Amets Amubieta eta Aitor Astigarraga. Hauek ezin izan dute partidarik irabazi eta hirugarren sailkatu dira.

Larunbatean hasi ziren nesken eta mutilen txapelketak, baina Gipuzkoako Selekzioak ez zuen partidurik izan lehen jardunaldian. Araba izan zen mutiletan garaile eta Bizkaia, berriz, nesken mailan. Igandean ekin zieten txapelketari gure neska-mutilek, eta biak ala biak Bizkaiko selekzioen aurka. Lehenengo mutilen txanda izan zen eta 71 eta 77 galdu zuten partida estuan. Jarraian nesken txanda izan zen eta 64 eta 42 irabazita txapelketa eskuratzeko bide erdia egin zuten. Astelehenean, beraz, guztia erabakitzeko zeukaten bi taldeek. Mutilek 11 punturen aldearekin irabazi beharko zuten txapeldunak izateko eta neskek, berriz, 18 puntugatik galduta ere txapeldun izango ziren.

Astelehenean ere jokatu zuten mutilek, eta nahiz eta zazpi puntugatik irabazten joan, azkenean 71 eta 64 galdu zuen Arabaren kontra. Bi partidak galduta, hirugarren postua eskuratu zuten Astigarragak eta Amubietak. Nesken partidak, aldiz, ez zuen istorio gehiegirik izan eta talde lan ona eginez, 34 eta 75 irabazi zioten Arabako selekzioari. Horrela, Aizpurua, Larrañaga, Bereziartua, Dominguez, Galdos eta beraien taldea txapeldun izan ziren.