Denboraldiko partidurik biribilena jokatuta garaipena Zurt ISBrentzat

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko abe. 3a, 11:23
Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

70 eta 80 irabazi zion Burladako taldeari eta sailkapeneko bigarren postua eskuratu du.

Zurt Taberna ISBk garaipenak eskuratzen jarraitzen du eta dagoeneko zortzi dira lortutakoak. Pasa den asteburuan Burladan jokatu zuen denboraldiko 9. jardunaldia eta oso partidu ona eginda 70 eta 80 gailendu zitzaien ligako puntu gehien lortzen dituen taldeari. Partidu hori irabazita sailkapeneko bigarren postua lortu du Zurtek hirugarren sailkatuarekin berdinduta.

Partidura joan aurretik, Zurteko neskek bazekiten puntu askoko partidua izango zela eta errebotea izango zela gakoa Burladako neska garaiei irabazteko. Hori kontutan hartuta oso ondo hasi zuten gure neskek partidua. Errebotea nahiko ondo itxiaz eta kontraeraso biziak eginez pixkanaka aldeak zabaltzen joan ziren Iraurgikoak. Kontraeraso bikainak burutzeaz gaina, barruko jokoan ere fin ibili ziren, batik bat Maitane Gurrutxagaren eskutik. Horrela laurden amaierara, hamaika puntu goitik iritsi ziren Joseba Lizarralderen neskak.

Bigarren laurdena ere ondo hasi zuten Zurtekoek baina apurka-apurka Burladakoak jokoaren domeinua hartzen hasi ziren.Vicenteren gidaritzapean, kontraeraso bikainak burutu zituzten eta errebotean jaun eta jabe egin ziren. Partiduari buelta eman eta puntu bat goitik jarri ziren gainera etxeko neskak, baina azken bi minututan berriro Zurteko makinaria martxan jarri zen eta bi eta hamarreko partzial batekin, zazpi puntuko abantaila lortu zuten atsedenaldi aurretik.

Hirugarren laurdena, oso gaizki hasi zuten gure neskek. Burladakoak ehuneko ehunean irten ziren kantxara eta Zurtekoak berriz aldageletan gelditu ziren. Bi minututan, bederatzi eta hutseko partziala sartu zuten nafarrek eta bi goitik jarri ziren. Zurtekoek, ordea,  ez zeukaten partidua galtzeko asmorik. Aurkarien joko antolatzailea gelditzea lortu zuten eta errebotea ondo itxiz Zurtekoen denboraldiko minutu onenak ikusi genituen. Baloia zoragarri mugitu zuten eta izugarrizko erritmoa ipini zioten partiduari. Bai barrutik eta bai kanpotik lortzen zuten saskiratzea gure neskek eta sei minututan, bi eta hogeiko partziala sartu zuten. Horrela, laurden amaierara 16 puntuz irabazten iritsi ziren.

Azken laurdenean etxekoek markagailuan gerturatzeko saiakera egin zuten arren, Zurtek ondo kontrolatu zuten partidua eta azkenean 10 puntuko garaipen bikaina lortu zuten.

Hurrengo partidua, ez ohiko toki, egun eta orduan jokatuko dute Zurtekoek. Partidua abenduaren 14an, igandean, 12:30ean jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian. Oraingoan ere aurkariak nafarrak izango dira, Barañaingo Lagunak taldea. Beste partidu on bat ikusteko aukera izango dugulakoan gaude.

Partzialak: 14-25/25-21/11-20/20-14

BURLADA 

Vicente (16), Arana, Gastaminza (3), Zueco (10), Gurich (6), Berro (2), Araiz (11), Etxeberria (6), Marrodan (8), Tollar (7).

ZURT  TABERNA  ISB

Garazi Arregi (8), Maite  Lizarazu (16), Eider Bereziartua (8), Intza Lizarazu (8), Itsaso Astigarraga (10), Ane Goenaga (6), Maitane Gurrutxaga (7), Aitziber Besga (4), Eneritz Larrañaga (3), Oihane Aizpurua (10).