Batzar "arrakastatsua" egin zuen atzo Iraurgi SBk

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko aza. 27a, 12:49
ISBko kideak batzarrean.

Sammic, lehen taldearen babesle berria, lehendakari-zuzendaritza taldearen aukeraketa eta klubaren lan egiteko metodologia berria izan genituen hizpide.

Atzo, asteazkena, Iraurgi Saskibaloi Taldeak urteroko batzar nagusia egin zuen Soreasu Antzokian. 118 bazkide, guraso eta jarraitzaile gerturatu ziren bertara, eta batzarra "arrakastatsua" izan zela esan dute klubeko ordezkariek. Bertan, taldearen inguruko hainbat puntu landu ziren.

Gai garrantzitsuenetakoa Sammic-en babes berria izan zen. Babesle horri esker, iazko aurrekontuarekin alderatuta, aurtengoan diru gehiago izango du klubak. Horrekin lotuta, iazko denboraldiaren balantze ekonomikoa egin zen eta klubak zenbaki negatiboetan irten izanagatik ere, ISBk aurrera egiteko gaitasuna izan duela adierazi zuten. Aurtengoari begira, Sammic-ek laguntza handia ematen duen arren, babesle berriak bilatzen jarraituko dutela esan eta babes hori egiteko modu berriak bilatzen ari direla jakinarazi zuten.

Zuzendaritza berriaren aukeraketa eta klubaren lan egiteko metodologia ere izan genituen hizpide. Klubaren historian lehen aldiz, lehendakaria eta zuzendaritza taldea hautatzeko hauteskundeak egin ditu ISBk. Azaroaren 1ean ireki zuten hautagaitzak aurkezteko epea eta hilaren 10ean itxi zen. Hautagaitza bakarra aurkeztu zenez, bera izendatu zen bozketarik egin gabe. Beraz, ondoko zuzendaritza taldea izango da agintean hurrengo lau urteetan: lehendakaria, Maier Lizaso; lehendakari ordea, Iñaki Aldanondo; diruzaina, Jose Miguel Echaniz; idazkaria, Stephanie Thurman; eta bozeramailea, Aritz Aldalur.

Horri lotuta, eta Iraurgi SB sartuta dagoen 3K-kirol erakundeen kudeaketa hobetzeko proiektuarekin lotuta, klubak lan egiteko metodologia berria izango du aurrerantzean. Klubeko arlo guztiak landu ahal izateko hainbat lan talde osatu dituzte eta bost lagun horiek osatzen duten zuzendaritza taldearekin elkarlanean arituko da talde bakoitza. Lan taldeak kirol arloan eta alor ekonomikoan daude banatuta. Lehenengo taldean, talde teknikoa, teknifikazioko taldea, eskola kirola, eta abar jorratuko dituzte. Bigarrenak, berriz, jardueren antolakuntza, publizitatea edo alderdi ekonomiko launduko ditu. Oholtza gainean izan ziren lan talde horietako ordezkariak.

Horrez gain, iazko denboraldi onaren kirol balantzea egin zen, gogoratuz kadete neskek, Gerdau taldeak, lortu zuena. Etxeko taldea Espainiako azpitxapeldun izan zen eta lortutakoagatik Gipuzkoa Kirolak 2014 saria jasotzeko hautagaietako bat da. Kadeteez gain, klubeko beste hainbat taldek ere lorpen handiak egin zituen eta horregatik urte historikoa izan zela azpimarratu dute. Horrekin batera, aurtengo talde guztiak aipatu ziren eta teknifikazioan izena eman berri duten haurren zifra altuak jakinarazi zituzten. Bestetik, infantil mailarako aurten ekarri duten proposamena aipatu zuten. Aurten, lehenengo aldiz, errendimenduko eta partaidetzako taldeetan banatu dituzte neska-mutilak. Horrela, jokalari bakoitzak bere mailan jokatzeko aukera izango du eta errazagoa izango da jokalari bakoitzaren hazte prozesua lantzea.

Amaitzeko, Iraurgi Saskibaloi Taldeak eskerrak eman nahi izan zizkien klubari laguntzen dieten babesle guztiei, eta baita batzarrera eta beharrezko jardueretara gerturatzen diren guraso eta jarraitzaile guztiei ere. Eta, nola ez, kluba posible egiten duten entrenatzaile eta lan taldeetako pertsona guztiei. Iñaki Uria lehendakari ohiak ere hitz batzuk egin zituen eta agintea pasa zion Maier Lizaso lehendakari berriari.