Partidu gogor eta luzearen ostean, beste garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko aza. 10a, 10:49
Partidako hutsarte bat. (ISB)

Partiduari buelta eman eta CB Tarragonari luzapenean 79 eta 84 irabazita porrota ezagutu gabe jarraitzen du Sammic ISB taldeak.

Pasa den asteburuan 6. garaipena jarraian eskuratu zuen Sammic ISBk Club Basquet Tarragona taldeari luzapenean irabazita. Oso partidu gogorra izan zen, eta azken segundoetan partidua berdintzea lortu ondoren, 79 eta 84 irabazi zuten luzapenean Iker Buenoren mutilek. Partidu hori irabazita, Azpeitiko taldeak ez du porrota ezagutzen eta borrokan jarraitzeko gogo biziz dago.

Oso ondo hasi zuen partidua Sammic ISB taldeak. Kontzentratuta eta partidua irabazteko gogotsu irten zuten Azpeitiko taldeko jokalariek, eta defentsa ona eginez 10 eta 0ko partziala eskuratu zuten. CB Tarragonako entrenatzaileak, Berni Alvarezek, hori ikusita hutsartea eskatu zuen eta hortik aurrera, ISBkoen partziala moztu eta beraiek 6 eta 0koa eskuratu zuten. Azkenean laurden amaieran 13 eta 18 adierazten zuen markagailuak.

Bigarren laurden hasiera, saskiratzeak trukatuz hasi zuten CBT eta Sammic ISBk. 6. minutuan, ordea, bi puntutaraino gerturatu zen etxeko taldea eta, segituan, Sammicek 5 eta 0 ko partzialarekin erantzun zion, 23 – 31. Tarragonakoek ez zuten partidua galdu nahi eta kantxa gaineko berdintasuna erakutsi nahian edo, 9 puntu jarraian sartu eta aurretik ipini ziren. Azkenean, atsedenaldira etxeko taldearen aldeko abantaila txikienarekin iritsi ziren: 35 eta 34.

Aldageletatik itzuleran bi taldeen arteko berdintasuna handia zela ikusi zen. Saskiratze elkartrukean aritu ziren bi taldeak. Hala ere, laurden horretan, Sammic ISB ez zen inoiz izan markagailuan aurretik eta Tarragonak gehienez sei puntutako abantaila lortu zuen. Azpeitiko taldeak lau aldiz berdindu zuen markagailua hirugarren zati horretan, baina inoiz ez zen gai izan aurretik jartzeko. Laurden amaieran atsedenaldiko abantaila berdinarekin jarraitzen zuen partiduak: 52 eta 51.

10 minutu aurretik eta partidu guztia erabakitzeko. Bi taldeetako inork ez zuen partidua galdu nahi eta horretan aritu ziren azken laurden horretan. Abantaila txiki bat lortu zuen Tarragonak laurden hasieran, baina Sammic ISBk erantzun eta oraingoan aurretik jartzea lortu zuen 8 minutu eta erdi gelditzen zirela. Hala ere, minutu bat iraun zuen Buenoren taldeak gainetik, 6 eta 0ko partzial bati esker berriro aurre hartu baitzion Tarragonako taldeak. Minutu baten faltan partidua berdindu zuen Sammic ISBk: 66 eta 66. Emozioa airean eta bi taldeek partidua irabazteko aukera izan zuten azken minutu horretan. Azkenean, partidu osoko berdintasunak agindu zuen minutu horretan ere, eta 2 eta 2ko partzialarekin luzapenera joan zen partidua.

Luzapena ezin hobeto hasi zuen Sammic ISBk. Uclesen hirukoa, Arrutiren bi jaurtiketa libre eta Garreten saskiratzearekin 7 puntuz irabazten jarri ziren azpeitiarrak minutu eta erdian. Abantaila hori 9raino zabaldu zen partidua amaitzeko bi minutu falta zirela, baina guztia eginda zegoela zirudienean, 7 eta 0ko partzial bati esker bi puntutara ezarri zen Alvarezen taldea. Hala ere, ez zen nahikoa izan erreakzioa eta Arrutiren hiruko batekin partidua erabakita gelditu zen. Amaieran, 79 eta 84 irabazi zuen Iraurgi Saskibaloiko lehen taldeak.

MVP: Ander Arruti: 17 puntu, 2 errebote, 9 asistentzia, 3 baloi lapurtu eta 8 falta jaso; 25 puntutako balorazioa. Ferran Torres: 26 puntu, 5 errebote, 2 baloi lapurtu, 2 mate egin eta 4 falta jaso; 25 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 13-18/22-16/17-17/16-17/11-16.

CLUB BASQUET TARRAGONA: Fernandez (7), Congiusta (11), Alaminos (4), Torres (26), Hester (9) – hasierako bostekoan- Martinez (2), Boada, Ngomo (10), Gimenez (10).

SAMMIC ISB: Arruti (17),Garrett (12), Caramasa (3), Mayer (8), Ucles (26) – hasierako bostekoan –Oroz (10), Mendoza (4),Ugarabe (2), Urtxulutegi (2), Iradier.