Denboraldiko lehen porrota jaso du Zurt Taberna ISBk Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko aza. 5a, 11:06
Zurt ISBko jokalariak. (ISB)

Denboraldiko partida txarrena jokatuz, 54 eta 47 galdu zuten. Gainera, Maite Zubizarreta jokalariak belauneko lesioa izan zuen.

Zurt Taberna ISBk 54 eta 47 galdu zuen Leioa SBT taldearen kontra pasa den larunbatean. Oso partidu txarra jokatu zuten Joseba Lizarralderen neskek eta merezitako porrota jaso zuten. Denboraldiko lehen partidua galtzeaz gain, ordea, beste jokalari garrantzitsu batek, Maite Zubizarretak, belauneko lesioa izan zuen partiduan zehar, eta honekin, badira dagoeneko bi jokalari lesio larriak jasan dituztenak talde honetan.

Partidua oso gaizki hasi zuten Zurt ISBko neskek. Erasoan ideiarik gabe eta atzean aukera errazak eman zizkieten bizkaitarrei. Azken horiek, aukera aprobetxatuz, bederatzi eta hutseko partziala sartu zuten. Azkoitiko neskek bazekiten aurkariak gogorrak zirela eta gogor lan egin beharko zutela irabazi ahal izateko, baina borrokatu beharrean erraztasunak eman zizkieten beraien jokoa egiteko. Hala ere, iritsi zen erreakzio txiki bat gure nesken aldetik eta baloiak barrura jokatuz 4 puntutara gerturatu ziren. Baina behin puntu horretara iritsita, berriro besoak jaitsi zituzten ISBkoek eta etxeko taldeak 12 puntuko abantaila ireki zuen berriro.

Zurteko neskek ez zuten partidua galdutzat eman nahi, eta gogor lanean hasi ziren bigarren laurdenean. Defentsako lana bikain eginez 2 eta 13ko partziala lortu zuten eta bi puntutara gerturatu ziren. Hala ere, lehen laurdenean bezalaxe, erreakzioaren ondoren lasaitasuna iritsi zen eta Leioako neskek 10 puntuko tartea ireki zuten berriro.

Atsedenalditik itzuleran istorioa errepikatu zen Leioako kantxan. Gure neskek indarrez ekin zien laurdenari, eta lan ona eginez bost puntutara gerturatu ziren. Baina hor iritsi zen berriro jaitsiera, eta bizkaitarrek berriro tartea 10 puntutaraino ireki zuten. Gainera, laurden horretan iritsi zen partidu osoko berririk txarrena. Maite Zubizarretak belauneko lesioa izanda, partidua utzi behar izan zuen. Oso une gogorra izan zen Zurt ISB taldearentzat. Izan ere, orain bi aste Naroa Uriak lesioa larria sufritu zuen, eta beste taldekide bat horrela ikustea gehiegizkoa izan zen jokalarientzat.

Azken laurdena gogorra izan zen Zurteko neskentzat. Zaila zen momentu hartan burua partiduan izatea, eta are zailagoa buelta ematea. Hala ere, gogor borrokatu zuten partidu amaiera arte. Azkenean 54 eta 47 amaitu zen partidua, baina, porrota izan zen gutxienekoa larunbat arratsalde beltz hartan.

Denboraldia oso gogor hasi da Zurteko neskentzat. Denbora luzeko bajak izango dira Naroa Uria eta Maite Zubizarretarenak, baina, ziur gaude lanean gogor jarraituko dutela beraien taldekideei garaipenak eskaintzeko.

Datorren larunbatean, Getxo izango dute aurkari Azkoitiko kiroldegian.

LEIOA  SBT

Muro, Lekerika (9), Fernandez, Tena (24), Rodriguez (6), Sagardoy (7), Garces, Torres (8), Garcia, Uncetabarrenetxea, Gonzalez.

ZURT  TABERNA   ISB

Garazi Arregi (7), Maite Lizarazu (13), Eider Bereziartua (11), Irati Etxeberria (2), Maite Zubizarreta (2), Itsaso Astigarraga (5), Ane Goenaga (2), Maitane Gurrutxaga (2), Aitziber Besga, Eneritz Larrañaga (3).