Beste garaipen garrantzitsu bat lortu du Sammic ISBek Mallorkan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko urr. 27a, 11:19

Ligako kantxa zailenetakoan 77 eta 80 irabazita laugarren garaipena jarraian lortu dute Iker Buenoren mutilek.

Atzo, igandea, 77 eta 80 irabazi zion Sammic ISBk Opentach Basquet Pla Mallorkako taldeari. Oso partidu borrokatua izan zen eta bi taldeek izan zuten garaipena eskuragarri, baina Iker Buenoren talde osoak eginiko lan onari esker, ligako kantxa zailenetakoa bereganatu eta Azpeitira ekarri dute laugarren garaipena. Horrela, Zilarrezko Adecco mailako lidertzan berdinduta jarraitzen du Sammic ISBk.

Partidua ondo hasi zuten Sammic ISBko mutilek. Erritmo bizia emanez saskiratze errazak lortzeko aukera izan zuten Iker Buenoren mutilek. Mallorkakoak, ordea, lehen garaipena eskuratzeko gogo biziz zeudela erakutsiz, hiruko marratik asmatzen hasi ziren. Horrela, azpeitiarrek espero zuten bezala, partidua guztiz estutu zen eta lehen laurdena hiru puntugatik galdu zuen Iraurgi: 23 eta 20.

Bigarren laurdena aldizkakoa izan zen. Boladaka jokatu zuen Azpeitiko taldeak, baina ez zion utzi kanpoko taldeari tarterik irekitzen. Hainbat minutuan bere jokoa egiteko gai izan zen Iker Buenoren taldea, baina ez zuen partiduko erritmoa bere egin. Horrela, laurdena irabazi zuen ISBk, baina ezin izan zuen atsedenaldira aurretik iritsi. Markagailuak 42 eta 40 adierazten zuen, eta partidua guztiz irekita zegoen.

Aldageletatik pasatzeak kalte egin zien Sammic ISBko mutilei. Tentsio falta nabari zen jokalarien aldetik eta etxeko taldea, errebotea kontrolatuz, min egiten hasi zen. Minutu batzuek aurrera egin zuten heinean, ordea, gure mutilen erreakzioa iritsi zen. Laugarrena eskuratu nahi zutela egiaztatuz, hainbat kontraerasotan kanasta errazak lortu zituzten. Gainera, Ander Arrutik saskiratzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen, eta taldeak lehenengo aldiz laurdena aurretik amaitu zuen: 63 eta 66.

Bi taldeak irabazteko gogo biziz iritsi ziren laurden erabakigarrira. Partidua guztiz irekita zegoen eta etxeko taldeak lehen garaipena lortu nahi zuen bere afizioaren aurrean. Indar guztiekin hasi zuten laurdena Mallorkako mutilek, baina Sammic ISBek ez zuen partidua eskapatzen uzteko asmorik eta laurdeneko baloi guztiak banaka-banaka borrokatu zituen. Defentsako lan onari esker garaipena lortu zuten Iker Buenoren mutilak, eta horrela, oraindik, ez dute porrota ezagutzen.

Hurrengo partidua azaroaren 2an, igandean, jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan, eta Xuven Cambados Galiziako taldea izango dute aurkari. Galiziarrak bi partidu irabazita eta bi galduta iritsiko dira Azpeitira, eta Iker Bueno eta bere mutilek beste partidu on bat egin beharko dute bosgarren garaipena eskuratzeko.

MVP: Juan Francisco Riera. 17 puntu, 4 errebote, hiru baloi ostu eta lau falta jaso. Guztira, 20 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 23-20/19-20/21-26/14-14

OPENTACH BASQUET PLA: Mckeither (11), Dominguez (6), Riera (17), Garcia (3), Ausina (10)
- hasierako bostekoan – Rodriguez (6), Torres (3), Johnson (8), San Emeterio (2), Corbacho (6), Osemhen (5).

SAMMIC ISB: Arruti (19), Ucles (17), Oroz (5), Caramasa (9), Mayer (10) – hasierako bostekoan –Garrett (8),Zubizarreta (3), Mendoza (4), Iradier (5), Urtxulutegi.