Denboraldiari agur

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko uzt. 4a, 12:08

Beste urtebetez, Iraurgi SBko familia Loiola Hotelean elkartu zen pasa den larunbatean, denboraldiari bazkari eder batekin agur esateko. Ausartenek tradizioari eutsi eta Oñatzera bizikletan igo eta gero, kadete mailatik hasi eta Zilarrezko Leb ligako jokalarietaraino, zuzendaritzako kide eta entrenatzaileez lagunduta, mahai baten bueltan elkartu ziren denboraldiko gorabehera, anekdota eta abarrak kontatu eta datorren denboraldiari begira jartzen hasteko. Pasa den denboraldiari buruz asko zegoen kontatzeko gainera, eta baita elkarren artean zoriontzeko, klubean denboraldi historikoa izan baita 2013-14 hau.

Eta historia egin duten jokalariek ere jaso zituzten beraien sariak: Zilarrezko Leb ligako Azpeitia Azkoitia ISBtik Ander Arrutik; Lehen mailako Azkoitia Azpeitia ISBtik Josu Urbizuk; Emakumezkoen lehen mailako Zurt Taberna ISBtik Intza Lizarazuk; Lehen probintzialeko Errotaundi ISBtik Mikel Iriarte; Junior mailan, Lur Goenagak, Ainhoa Bereziartuak eta Miren Soraluzek eraman zituzten sariak; eta kadete mailan Jon Zabartek, Ohiane Aizpuruak, Miren Caballerok eta Alain Mujikak.