Movilquick Azpeitia ISB Euskadiko txapeldun!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 28a, 17:51
Movilquick Azpeitia ISB nesken taldea. (ISB)

Aritz Aldalurren neskek, 67 eta 63 irabazi zioten Zarauzko Zast taldeari atzo Azpeitiko kiroldegian jokatutako finalean.

Fase erregularra lehen postuan amaitu eta Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela zuzenean lortu eta gero, ezin izan dute denboraldia hobeto borobildu Movilquick ISBko neskek. Zuten helburua bete eta Euskadiko Txapeldun izatea lortu dute, atzo eguerdian, Azpeitiko kiroldegian jokatutako finalean Zarauzko Zast taldeari 67 eta 63 irabazi eta gero. Ederki sufritutako titulua da, asteburuan jokatutako bi neurketetan gogotik egin behar izan dutelako lan Aritz Aldalurren neskek.

Lehen pausua larunbat goizean eman zuten, Easo Aren aurkako final-erdian 59 eta 47 irabazita. Emaitzak nagusitasun osoa izan zela adierazi badezake ere, azken uneetara arte ez zuten Iraurgi SBkoek partidua puskatzea lortu. Donostiarrek bazekiten Movilquick-i irabaztea zer den, denboraldian zehar birritan lortu baitzuten eta gainera, Espainiako Txapelketa jokatzeko bigarren txartela zegoen jokoan. Horregatik gogor borrokatu zuten. Baina markagailuan aurretik etxekoak mantendu ziren une oro eta laugarren laurdenean sartuta partiduak gehiegi estutzeko arriskua edukiko zuela zirudien arren, azken minutuetan kolpe definitiboa ematen jakin izan zuten ISBkoek eta finalerako txartela eskuratu zuten.

Igandeko partidu erabakigarrian, Zast izan zuten aurkari Movilquick Azpeitia ISBkoek. Zarauztarrek dagoeneko bazekiten irabazi ala galdu, Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela poltsikoan zutela eta berez faborito ziren etxekoen kontra presiorik gabe jokatu zuten, opari baten faltan bigarrena ere lortzeko nahiarekin. Hori dela eta, partidu oso parekatua ikusi ahal izan zen bukaera arte. Atsedenaldian 4 puntu goitik ziren anfitrioiak (partidu guztian edukitako abantaila handiena ia), baina kanpotarrek markagailuari buelta ematen jakin izan zuten. Hortik aurrera gora-beherez josita egon zen neurketa, baina azken segundoetan sartuta Naroak lortutako hiruko ikusgarri batek balantza Movilquick Azpeitia ISBren alde jarri zuen eta azkenean 67 eta 63 irabazita Txapeldun izatea lortu zuten Iraurgi SBkoek.

Glual Hydraulics laugarren

Junior nesken lauko finala Azpeitiko kiroldegian jokatu zen moduan, mutilena Bilboko Zorroza auzoan jokatu zen, eta han izan genuen Iraurgi SBko beste ordezkari bat: Glual Hydraulics ISB. Ander Arrutirenak baja garrantzitsu batekin egin behar izan zioten aurre txapelketari, Xabier Oroz, Espainiako 18 urtez azpiko Selekzioarekin jokatzen baitzegoen Mannheim-en, Alemanian, eta gainera anfitrioiaren aurka jokatu behar izan zuten lehen neurketa. Azkenean etxekoak, gerora Fundación 5+11 Baskoniaren aurka finala galduko bazuten ere, oso nagusi agertu ziren. Gipuzkoarrek ezin izan zuten aurkari handiago baten aurrean ezertxo ere egin eta 80 eta 59 galdu eta gero, Txapelketako laugarren izaten amaitu zuten.

Hala ere, neskek egin duten moduan, mutilen denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da.