Fede Uclés: "Hiru final ditugu aurkari zuzenen kontra, eta hirurak irabazi behar ditugu"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mar. 26a, 17:48
Fede Uclés hegal-pibota Azpeitia-Azkoitia ISB taldeaz eta bere egoera pertsonalaz aritu da

Almeriako hegal-pibota Azpeitia Azkoitia ISBko erreferenteetako bat izaten ari da aurten. Badaki azken aldian ez dutela maila eman, baina bere taldean sinesten du eta uste du arazorik ez dutela edukiko.

Aste honetan hil edo biziko partida daukazue. Gainera, derbya. Irabazi ala irabazi?

Ez dago dudarik. Defentsan ahul xamar ibili gara azken partidetan eta erraz egin dizkigute puntuak, baina azken hiru partidu hauetan dugun guztiarekin borrokatuko dugu. Gainera, aste honetakoa mundu guztia itxaroten ari den derbya izanik, irabazi ala irabazi, ez dugu besterik. Hiru final ditugu, aurkari zuzenen kontra, eta hirurak irabazi behar ditugu play off-etan sartzeko.

Kanpotik ematen du play off-ei begira jarri zaretenetik taldeak behera egin duela.

Ez nago ados. Ez dut uste behera egin dugunik. Kontua da partida amaieretan ez ditugula erabaki onak hartu, baina ondo gaude, taldean jokatzen, eroso… nahiz eta egia den defentsan gehiago estutu beharra dugula eta azken minutuetan erabaki hobeak hartu behar ditugula. Lortzen baldin badugu, ez dugu arazorik izango.

Nola sentitzen da Almeriako mutil bat etxetik kanpo horrenbeste denbora pasatuta? Nola eramaten da hori egunerokotasunean?

Ohituta nago horretara. Iaz ere etxetik kanpo egon nintzen, nahiz eta aurten urrunago etortzea egokitu zaidan. Hala ere, zoritxarrez, txiki-txikitatik denbora asko pasa behar izan dut familiatik aparte. Azken finean, eguneroko lanean zentratu beharra daukazu, hau nire lana dela pentsatu, egunero gogor entrenatu eta denbora eta beharra dudanean, telefonoa hartu eta beraiekin hitz egin. Ez dago besterik. Familia faltan botatzen dut, baina hau da nire lana eta hau izan da nire erabakia.

Kolpe gogorra izan al zen udan 20 urtez azpiko selekzioko azken joklari baztertua izatea?

Egia esan, ez nuen espero. Ukondoan izandako infekzioa medio, 4-5 egun geldi egon behar izan nuen kontzentrazioan, baina gogor lan egin nuen gero eta taldera ondo egokitu nintzen. Uste dut Sito pozik zegoela nirekin, baina azken erabakian kanpoan utzi ninduen. Ni ez nintzen konforme gelditu, baina hala ere, hemendik eskerrak eman nahi dizkiet bai Sitori eta Federazioari emandako aukeragatik, gutxik izaten dutelako horrelako opari bat eta jokalari moduan hazten lagundu didalako.

Denboraldia oso ondo hasi zenuen, gerora beherakada bat izan zenuen eta orain, berriz, Fede Uclésik onena ikusten gabiltza.

Oso zaila da hasieran izan nuen mailan denboraldi guztian mantentzea. Jokalari guztiek izaten dituzte gorabeherak denboraldian zehar. Egia da hilabete txar bat eduki nuela, baina orain hobeto sentitzen naiz, eta horregatik nire zenbakiak hobetu dira eta jokoan influentzia gehiago edukitzen ari naiz. Taldeari ahalik eta gehien lagundu nahi diot eta hobetzen jarraitu behar dut.

Eta zein izan daiteke denboraldia modurik onenean bukatu ahal izateko gakoa?

Maila pertsonalean, beti pentsatu izan dut esfortzuaren eta lanaren bitartez iristen direla emaitzak. Hau taldeari ere ezarri diezaiokegu. Gogor lan egiten badugu, talde moduan jokatu eta elkar laguntzen baldin badugu, edozer lor dezakegu.

Beraz, baikorra zara. Salbazioa eta play off-ak iritsiko dira?

Salbazioa seguru, eta play off-ei dagokienez, niregan eta taldearengan konfiantza daukat eta uste dut hori ere lortuko dugula. Izan ere bi partida etxean jokatuko ditugu aurkari zuzenen aurka, eta horrek irabazi ala irabazi esan nahi du. Eta Cambadosen aurka, hemen jokatu genuenean, bajoi txiki bat izan genuen, Gabonetan, partidaz aparte, gai gehiago genituelako buruan, baina han kolpea emango dugu mahai gainean, eta hiru partiduak irabazten baldin baditugu play off-etan egongo gara. Agian bi neurketa irabaztearekin nahikoa izango da, baina hobe da hirurak irabazi eta beste emaitza batzuen menpe ez egotea.