Garazi Arregi: "Gure artean sekulako lagun harremana eta konfiantza sortu da"

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko mar. 12a, 16:51
Garazi Arregi saskibaloi jokalaria. (ISB)

Zurt Taberna ISBko joko antolatzaileak denboraldia txapela kentzeko modukoa dela aitortzeaz gain, harrobian egiten ari den lana medio, urteetarako taldea dagoela uste du.

Azken jardunaldietan, partida batzuk galdu dituzue, baina denboraldia txapela kentzeko modukoa da.

Oso ona da. Iruditzen zait lehen itzuli izugarria egin dugula. Egia da bigarrenean pixka bat gehiago kostatzen ari zaigula, baina normala ere bada. Kontrarioek garaitu nahi gaituzte kosta ala kosta, lehen postuan jardunaldi asko eman baititugu eta kantxara motibazio gehiagorekin irteten baitira gure aurka.

Agian ere denboraldian zehar izan dituzuen arazoak tarteko, nekea igartzen hasi zarete?

Hiruzpalau pertsonekin entrenamenduak egitea ez da erraza. Emaitzek erakutsi digute entrenamendu onak eta jendez normalak egin ditugunean, irabazten amaitu dugula. Entrenamendura joan ez eta gero, jokaldietan dena bikain egitea benetan da zaila.

Hala ere, seguruenik gehien disfrutatzen ari zareten denboraldia izango da hau.

Agian bai. Garaipenek ere horretara eramaten zaituzte eta beti gozatzen da gehiago irabazita galduta baino. Helburuak ere ezberdinak dira. Akostarekin ibili ginen urteetan, maila mantentzea besterik ez genuen bilatzen. Gaur egun, goi aldean amaitzekotan gaude eta egin dugun lehen itzuliarekin hor mantentzea nahi dugu. Horrek agian, nolabaiteko presioa sentitzera ere eramaten gaitu eta galtzen dugunean, nahiz eta goian mantendu, kolpea handiagoa izaten da. Gaizki ohitzen hasita gaude.

Zure kasuan, minutu asko jokatzea egokitu zaizu, gehiegi agian? Gogorra izaten ari da?

Ez, gogorragoa da minuturik ez edukitzea. Zenbat eta minutu gehiago eduki hobeto. Nik beti hartzen ditut neurketak finalak izango balira bezala eta kantxan nagoen une guztietan ahalegintzen naiz nire onena ematen eta kontzentrazio maila %100ean edukitzen. Horrela gehiago gozatzen dela uste dut.

Hori eta aspalditik batera jokatzen ari zareten lagun koadrila bat izatea al da zuen gakoa?

Jokalari gehienak elkar oso ondo ezagutzen gara. Gaur egun taldetik kanpo daudenekin ere oso ondo moldatzen ginen. Orain behetik datozen gazteak hasi dira taldean sartzen eta denbora bat behar dugu elkar hobeto ezagutzeko eta bagoaz hori lortzen pixkanaka.

Baina talde honek badauka zerbait jendea lotzen duena.

Bai, droga bat bezalakoa da. Taldetik kanpo denbora bat eman dutenek ere, taldera bueltatzeko gogoz agertu dira. Gaur egun kanpoan daudenak, deseatzen daude bueltatzeko.  Gure artean sekulako lagun harremana eta konfiantza sortu da.

Orain gelditzen zaizuen egin beharreko bidea gazteak pixkanaka taldean sartzea da orduan?

Gazteak etorri izanak taldeari sekulako abiadura eman dio eta lehen itzuliko partida askotan ikusi ahal izan dugu hori. Gure kontrario gehienak fisikoki gu baino gehiago dira eta gu talderik gazteena izanik azkartasuna eman diogu gure jokoari eta horrek eraman gaitu garaipenak batzera. Taldean urte batzuk daramatzagunei ere joko horretara behartu gaituzte eta beraien erritmoa jarraitu nahi izate horrek egunero gure jokoa hobetu nahi izatera behartu gaitu. Maila handia dago harrobian eta gutxika-gutxika taldean barneratzen badira, urteetarako taldea edukiko dugula uste dut. Ez da erraza neskek saskibaloian jarraitzea behin edade batera helduta, baina kirol hau praktikatzeko gogoa mantentzen baldin badugu harrobiko jokalarietan, maila honetan luzaro iraungo dugu.