Aurkari gehiegia gaur egungo Azpeitia Azkoitia ISBrentzat

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urr. 27a, 20:20
Partidako une bat. (Javi Zurbano)

Azpeitia Azkoitia ISBk sekulako jipoia jaso du, nahieran jokatu duen Palma Air Europaren eskutik.

 

Azpeitia Azkoitia ISBk denboraldiko lehen garaipena lortzeko aurkari benetan zailari aurre egin behar izan dio gaur arratsaldean Azpeitiko kiroldegian. Lehen bi jardunaldietan aurpegia eman bai, baina neurketak porrotarekin amaitu eta gero, astebeteko atsedena izan dute Iker Buenorenek hutsak zuzendu eta kili-kolo zeuden jokalariak errekuperatzen joateko. Denen beharra zuten gipuzkoarrek Caceresekin batera urrezko LEB ligara igotzeko hautagai nagusienaren aurka lehiatu behar baitzuen. Zaleek zubia izanda ere erantzun dute eta euren berotasuna eskaini jokalariei harmailetatik. Baina ezer gutxirako balio izan du.

Joko benetan eroa eskaini dute bi taldeek hasierako minutuetan. Defentsako lanak gailendu behin eta berriz biek ala biek korrika irten arren ziztu bizian baloia berreskuratzen zuten bezain pronto. Joko arriskutsuegian sartu da Azpeitia Azkoitia ISB, kanpotarren kalitateak 0 eta 9koa igoarazi baitu laugarren minuturako. Assalitek ezin zuen DiBartolomeorekin eta Pantinek eta Blairrek jarri dituzte puntuak Mallorkakoen partetik. Etxekoen nahia eta ezina ikaragarria zen. Ideia gabezia handia zegoen erasoan eta Maties Cerdarenek 5-7 puntuko abantailarekin nahieran jokatu ahal izan dute. Guridi zen etxekoen partetik babak heltzetik ateratzen saiatzen zen bakarra eta bere lanari esker hein handi batean ez du izan Palma Air Europak 10 puntu baino gehiagoko alderik. Lehen laurdenaren amaieran 16 eta 25. Ibargutxiren gidaritzapean eta Lander Lasarekin (lesio batetik irten berria) hobeto ibili da taldea baina ez zen nahikoa, erasoko errebotean min handia egin baitute kanpotarrek. Blair-ek jaun eta jabe izaten jarraitzen zuen taula azpian eta Vicensek sekulako sarraskia egin du kanpotik barrurako jokoan. Lanean segi beharra zegoen eta horretan saiatu dira buru belarri etxekoak. Lasak hartu du taldearen aginte makila baina Balir, Pantin eta konpainia oso eroso zebiltzan erasoan jokatzen eta atsedenaldira gaur egun talde gehiago direla erakutsita 32 eta 48 joan dira.

Atsedenalditik bueltan gauzak ez dira gehiegi aldatu. DiBartolomeo-Blair bikoteak geldiezin izaten jarraitzen zuen eta beraiek ez zirenean Matemalas edo Biel Torres agertzen ziren puntuak batzeko Mallorkakoentzat. Hirugarren laurdenaren erdialderako neurketak erabakita gelditzeko itxura guztia hartu du, Palma Air Europak 20 puntuko aldea zabaldu eta gero. Defentsako lana sendotzen saiatu dira etxekoak baina jaurtiketek beste aldean ez zuten sartu nahi eta horrela aldea gutxitzea oso zaila da. Guridiren grinak pixka bat piztu ditu taldekideak eta baita harmailetako zaleak ere baina ezin denen ezin da. Hirugarren laurdenaren amaieran 46 eta 71. Ez zegoen kolorerik. Palmakoek oldarkor jokatzen jarraitzen zuten abantailari kasurik egin gabe. Etxekoek hiruko marratik markagailua pixka bat txukuntzen ahalegindu dira, baina beste aldean saskiak igerilekua zirudien moduan, gipuzkoarrei beraiena txikiegi azaldu zaie. Azkenean 69 eta 95. Garaipenaren bila jarraitu beharko du Azpeitia Azkoitia ISBk.

Saskiratzaileak: (16-25/32-48/46-71/69-95)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit (4), Arruti (1), Ucles (10), Zyle (6) eta Guridi (9) –bosteko nagusia- Oroz (2), Zubizarreta, Ibargutxi (9), Barberena, Lasa (17), Sow (11) eta Alberdi.

PALMA AIR EUROPA: Pantin (11), DiBartolomeo (17), Llompart (2), Blair (14) eta Matemalas (17) –bosteko nagusia- Gaya, Torres (12), Garcia, Vicens (16), Pampin (6) eta Cañellas.

MVP: DiBartolomeo (27)