Badator 2013ko zerbeza feria!

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ira. 27a, 12:00
2013ko Garagardo Azokaren kartela. (ISB)

Ostegunean irekiko ditu ateak Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-i egingo zaion omenaldiarekin eta urriaren 3, 4, 5, 11 eta 12an egongo da zabalik.

Beste urtebetez Zerbeza Feria ate joak dator. Iraurgi SBk, Bertan Merkatari Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin antolatu eta dagoeneko tradizio bihurtu den jaiak aurten ere urriko lehen bi asteburuetan Berdura plaza beteko du, hilaren 3, 4, 5, 11 eta 12an hain zuzen ere. Garagardoa protagonista nagusia bada ere, jaki goxoak dastatzeko eta musika onaz gozatzeko aukera ere egongo da.

Hamabi garagardo ezberdin dastatzeko aukera ez da egunero ematen, gainera ukondo edo oilasko errez lagunduta bada, edota saltxitxa gozoak janez... menu benetan ederra da lagunez lagunduta bada. Zer esanik ez zuzeneko musika edukita, aurten lau egunetan gertatuko den moduan. 550 pertsona bildu ditzakeen Berdura plaza askotan txiki gelditzen da eta horregatik mahaiak erreserbatzeko aukera egongo da aurten ere leku faltan ez gelditzeko. Gainera, bezero onari sari moduan, 5 ticket erosten dituenari, seigarren garagardoa doan irtengo zaio. Eta aurten, berrikuntza modura, gaueko 12etatik aurrera, txarro handia hartu beharrean, aukera egongo da betiko kañak eskatu ahal izateko.

Eta alemaniar kutsua duen tradizio batek euskal kutsua ere hartu ahal duenez, hilaren 12an, Pilarika egunean, mus txapelketa jokatuko da Berdura plazan bertan.

Iraurgi SB taldeen aurkezpena eta Keuttin-i omenaldia

Zerbeza feriaren lehen bi egunetan bi ekitaldi polit bizi ahal izango dira. Batetik, inaugurazio egunean, hilaren 3an, azokak bere ateak ireki bezain pronto, Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin-i omenaldia egingo zaio, herrian kirolaren alde eta batez ere pilotaren alde egindako lan eskergarengatik.

Eta ostiralean, 20:00etatik aurrera, Iraurgi SBk aurtengo denboraldirako izango dituen talde guztien aurkezpena egingo da. Guztira 230 jokalaritik gora. Gaur eguneko eta etorkizuneko jokalariak zeintzuk izango diren ikusteko aukera bikaina. Gainera, oraindik ere bazkide egiteko aukera egongo da. Klubak, bazkide izateko, iazko prezio berdinak mantentzea erabaki du. Familientzako txartela 120 eurotan egongo da eta gainontzekoendako 70 euro balioko du bazkide egiteak. Eta aurten, berrikuntza moduan, ikasle eta jubilatuentzako txartelak ere jarri ditu aukeran Iraurgi SBk, 50 eurotako prezioan. Gainera, klubeko bazkide egiteak ere badauzka bere abantailak, besteak beste hainbat dendetan %10eko deskontua egingo baitiete egindako erosketetan.

Zerbeza feritik ez pasatzeko aitzakiarik ez dago, beraz. Guztiak gonbidatuta daude!!