Ucles eta Zyle dira Azpeitia Azkoitia ISBren azken fitxaketak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ira. 26a, 16:33
Fede Ucles eta Zyle Gedeminas. (ISB)

Biak pibotak dira eta egun batzuk daramatzate Iker Buenoren esanetara.

LEB Plata. Iraurgi SBk azken bi fitxaketa egin ditu 2013-2014 denboraldian Zilarrezko LEB ligan jokatuko duen talderako. Eta bi fitxaketa hauek pibotak dira: Fede Ucles (1993/05/02 - 2,01m) andaluziarra eta Gedeminas Zyle (1988/11/24 - 2,10m) lituaniarra dira Iker Buenoren esanetara jarri diren azken jokalariak. Bi pibot falta zituen taldeak eta hauek izango dira zona barruan zentimetroak jarriko dituztenak.

Fede Ucles Nijarren, Almerian, jaioa eta CEBE Granadako harrobian hezitako jokalaria da. Bertako lehen taldearekin Urrezko LEB ligan 15 partidu jokatu ahal izan zituen 18 urte eskasekin. Granadaren desagerpenarekin iaz Plasenciara jo zuen EBA ligan jokatzera eta denboraldi borobila jokatu zuen. 23 partidutan 34 minutu jokatu zituen bataz beste, eta kantxan egon zen denbora horretan 12,8 puntu sartu zituen, 10,3 errebote eskuratu eta 1,3 asistentzia banatu zituen, partidako 13,7ko balorazioarekin amaitzeraino. 2011n Wroclaw-en jokatu zen Europako 18 urtez azpiko txapelketa jokatzeko aurre-selekzioan sartu zen eta aurtengo udan Estonian jokatu den 20 urtez azpiko Europako Txapelketarako Sito Alonsok baztertutako azken jokalaria izan da. Jokalari indartsua, errebotean abila eta erasoan ondo mugitzen dakiena, bai bere saskiratzeak bilatzeko edota taldekide bati laguntzeko.

Gedeminas Zyleri dagokionez, bere lehen esperientzia izango da hau Lituaniatik kanpo. Baltikoko ligan eta LKL-n jokatzen pasatu ditu azken lau urteak. 2011n Shenzhen-en, Txinan eta 2013an Kazan-en, Errusian jokatu ziren Unibertsitateen arteko Txapelketetan Lituaniarekin internazional izan zen. Bere luzerarekin kontrarioei zail jartzen die saskiratzeak lortzea, baina batez ere erasoko jokoan da iaioa. Bai bizkarrez jokatzerako orduan eta baita uztaia aurrez aurre edukita ere mugimendu bikainak ditu. Jokoa erraz ikusten du eta bere azkartasuna erabili ohi du askotan kontraerasoak amaitzeko. Joseba Ibargutxik eta Imanol Zubizarretak lagun egokia topatuko dute lituaniarrarengan pick&roll-a jokatzerako orduan.

Zorte on biei!!