Jakes Alberdik eta Jon Etxaniz-ek lehen taldearekin entrenatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko ira. 1a, 13:11
Jon Etxaniz eta Jakes Alberdi.

Biak ere hasi dira dagoeneko Iker Buenoren esanetara aurredenboraldia egiten.

Iraurgi SBk argi dauka Zilarrezko LEB ligako taldeak piramidearen punta besterik izan behar ez duela. Harrobian lan bikaina egiten da, hazten jarraitzen du eta bertan dauden jokalarien lan eskergak ere fruituak eman ohi ditu. Azken adibidea, Jakes Alberdi eta Jon Etxaniz dira. Bai batak eta bai besteak, klubeko bigarren taldean jokatuko badute ere, lehen taldearen dinamikan sartzeko aukera izango dute. Hau da, Zilarrezko LEB ligako taldearekin burutuko dituzte asteko entrenamendu guztiak eta deialdietan sartzeko aukera ere izango dute, nahiz eta jokatu, normalean Azpeitia Azkoitia ISB, Lehen Maila Nazionaleko taldearekin egingo duten.

Jakes Alberdik, iaz izan zuen Iurgi Caminosen esanetara deialdi batzuetan sartzeko aukera. Jon Etxaniz berriz, klubeko bigarren taldeko jokalari azpimarragarrienetako bat dugu. Dagoeneko, biak hasi dira Iker Buenoren eta Xabier Aranbururen agindupean lan egiten eta seguruenik aurre-denboraldian izango dituztela minutuak goi mailako jokalarien aurka jokatzeko.