Beste urtebetez Zilarrezko LEB ligan jokatzeko aukera izango du Imanol Zubizarretak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 31a, 02:57

Joseba Ibargutxigandik ikasten jarraituko du azpeitiarrak ISBrekin jokatuko duen bigarren denboraldian.

Iraurgi SBk kontratu berritzeekin jarraitzen du. Beñat Barberena, Joseba Ibargutxi, Lander Lasa eta Ibon Guridiren ostean orain, Imanol Zubizarretaren (1992/02/18 -1.88m) txanda heldu da.

Juniorra zela lehen taldearekin EBA ligan eta ondoren Zilarrezko LEB ligan minutu batzuk jokatzeko aukera izan bazuen ere, iaz izan zen Imanolentzako lehen taldeko partaide sentitzeko benetako lehen aukera. Denboraldia ilusio handiz hasi bazuen ere, ez zitzaion erraza egin Joseba Ibargutxiren ordezko lana eta nahi baino minutu gutxixeago jokatu zituen: bataz beste 9 pasatxo. 1’3 puntu sartu eta 0’9 errebote eskuratzeaz gain, 0’6 asistentzia banatu zituen partiduko kantxa gainean egon zen denbora horretan. Zenbakiek askorik esaten ez badute ere, aipatzeko moduko partidu batzuk egin zituen, Clinicas Rinconen aurka Malagan jokatutakoa bezalaxe.

Mailan honetan lehen urtea izanik, erantzukizun gehiegi ez hartzen saiatu zen eta taldekideei jokoa errazago egitea izan zuen helburu. Iazko ezagupenaren ondoren, aurten, bere jokoan eta erantzukizun mailan aurrerapauso bat ematea izan beharko luke buruan daukan pentsamendua Imanolentzat. Hori bai, Joseba Ibargutxik erakusten jarraitu liezaiokeenetik ikasten segituz eta Xavi Assalit-i taldera ahalik eta hobeen moldatzeko bidea erraztuz.

Argi gelditzen da beste behin Iraurgi SBk duen filosofiarekin aurrera jarraitzen duela: Gipuzkoako eta Euskal Herriko jokalari gazteei profesionalki hazteko aukera ematea, eta harrobiko jokalari bat denean hainbat eta hobeto. Horren erakusgarri da orain arte taldeak dauzkan zortzi jokalarietatik sei euskaldunak direla eta Joseba Ibargutxi kenduta, beste zazpi jokalariek 25 urte baino gutxiago dituztela.