Ibon Guridik etxean jarraituko du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 29a, 02:25

21 urteko hegaleko azpeitiar gazteak hirugarren urtez jarraian jokatuko du Iraurgi SBko lehen taldearekin.

 

Atzo hegal-pibot baten fitxaketaren berri ematen bagenuen, gaur etxeko jokalari baten kontratu berritzearekin gatoz. Ibon Guridik (1992/03/03 – 1.93m) Iraurgi SBrekin jokatzen jarraituko du eta hirugarren denboraldia emango du honenbestez lehen taldean hegaleko azpeitiarrak.

Orain hiru urte egin bazuen ere debuta Zilarrezko LEB ligako taldearekin, duela bi izan zen taldean bere txokoa topatu zuen urtea. Izan ere, Lehen Maila Nazionaleko Lizuan.com ISB taldearekin jokatutako neurketak uztartu baitzituen lehen taldearekin. Iurgi Caminosek orduan 26 neurketa jokatzeko aukera eman zizkion. Iaz berriz, denboraldi osoa eman zuen Azpeitia Azkoitia ISBrekin jokatzen eta guztira 21 neurketetan hartu zuen parte. Bataz beste ia 9 minutu eta erdi jokatu zituen partiduko eta 4’1 puntu sartu zituen eta 1’4 errebote eskuratu zituen, 3ko balorazioarekin amaitzeko.

Erasoko jokoa ez da bere espezialitatea, izan ere, Guridi zerbaitetan nabarmentzen baldin bada, dituen dohain fisikoei ateratzen dien zukuan da. Modu honetara taldeari oldarkorrago jokatzera behartzen dio eta taldekideek derrigorrean igo behar izaten dute euren intentsitatea, batez ere defentsako lanean. Orain hiru denboraldi Lizuan.com ISB taldeko jokalari onena izatea lortu zuen, Iraurgi Ikastolarekin 2010ean jokatu zuen "Series Colegiales" Txapelketan ACBk berak ere bere web orrian goraipatu zuen egindako lanarengatik eta Azpeitiko Kiroldegiko harmailetako idoloetako baten bihurtu da egiten duen lan isil guztiarengatik.