Iker Buenok hartuko du Iraurgi SB entrenatzeko ardura

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 20a, 19:54
Iker Bueno izango da entrenatzaile berria.

Etxeko entrenatzailea, ISBko maila ezberdinetan entrenatzen ibiltzeaz gain, Iurgi Caminosen laguntzailea izan da azken urteetan.

 

Taldea eraikitzerako orduan, jokalarien kontratu berritze edo fitxaketei buruz bakarrik hitz egin ohi da, baina hori bezain garrantzitsua da aulkiaren ardura zeinek eramango duen jakitea. Datorren urteko denboraldiari begira Iraurgi SBk aukeratu du Zilarrezko LEB ligan jokatuko duen taldearen ardura zeinek hartuko duen: Iker Bueno (Azpeitia, 1988/07/05).

Guztiongatik jakina da kluba ez dagoela inguruan bizi den egoera ekonomiko gogorretik aldendurik. Horren adibide garbiena da, Zilarrezko LEB ligan jokatzea erabaki den arren, ISBk aurrekontua itxi gabe hasiko duela denboraldia. Ohikoa izaten da horrelako kasuetan kanpokoari uko egin eta etxean daukazunari so egiten hastea. Aurten horrelako zerbait gertatu da eta hori dela eta, Iker Buenok hartuko du orain arte Iurgi Caminosek bete duen lekua.

Buenok, gaztea izan arren, soberako eskarmentua dauka aulkietan. Maila ezberdinetan lehen eta bigarren entrenatzaile moduan ibili da orain arte ISB barruan (infantilak, kadeteak…) eta Zilarrezko LEB liga ere ondo ezagutzen du, azken urteetan Iurgi Caminosen laguntzailea izan baita Iraurgiko lehen taldean. Bere alboan, eta azken urteetan egin duen lanari jarraiki, beste etxeko gizon bat egongo da Prestatzaile Fisko lanetan: Xabier Aranburu. Beraz, taldeak badauka dagoeneko lemazaina.

Klubetik zorterik onena opa diogu.

P.D.: Klubetik Iurgi Caminosi eskerrak eman nahi dizkiogu urte guzti hauetan egin duen lanagatik eta bere ibilbide berrian ere zorte onena izan dezala espero dugu.