Lander Lasak Iraurgiko jaurtitzailea izaten jarraituko du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 18a, 01:39

Tolosakoak laugarren urtez eta bigarrenez jarraian jantziko du ISBko kamiseta.

 

 

Gutxika gutxika ari da hartzen bere forma Zilarrezko LEB ligan jokatuko duen Iraurgiko taldeak. Bai behintzat, kanpoko jokoari dagokionez. Lander Lasak (1988/01/16 – 1.93m) beste urtebetez jarraituko du Iraurgirekin eta beste urtebetez (laugarren urtea, bi GBCra joan aurretik, iazkoa eta aurtengoa), taldeko jaurtitzailea izango da eta Ander Arruti gasteiztarrarekin batera garantiazko bikotea osotuko du ISBk kanpoko jokoan.

Iazkoa ez zen Landerrek nahi bezain besteko urte ona izan berarentzat. ACBtik FEB mailetarako egokitzapenean arazo txiki batzuk izan zituen hasieran, eta agian beragandik espero zitekeena baino maila apalagoan ibili zen. Hala ere, eta taldeak berak bezala, gutxika-gutxika bere bataz bestekoetan nabarmentzen hasi zen eta jokoan gorakada eman zuen Gabonetatik aurrera. Guztiek gogoratuko dute etxean Avilaren aurka jokatutako partiduan Tolosakoak emandako maila. Azken laurdenean 25 puntu sartu eta 35eko balorazioarekin amaitu eta gero bere taldea garaipenera eraman zuen. Urtarrila borobila egin zuen eta partiduko 17ko balorazioa lortuta, Solobasket.com saskibaloi web orriak hilabeteko bostekoan sartu zuen hegalekorik onena moduan. Denboraldiko bataz bestekoei so eginez gero, partiduko ia 25 minutu jokatuta, 11’1 puntu sartu eta 3’5 errebote eskuratu zituen, 8ko balorazioarekin amaitzeraino.

Udan, beste behin Euskal Herriko selekzioarekin ikusi ahal izan dugu Tunezen egin duten biran eta bertan Beñat Barberena eta Ander Arruti taldekideekin orduak pasatzeko aukera eduki du.

Aurten bere jokoan aurrerapauso bat emateko prest agertuko da Lasa, taldeko erreferenteetako bat izateko asmoz.