Ander Arrutik Iraurgi SBn jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko abu. 1a, 20:07
Ander Arruti gasteiztarrak eskolta postuan jokatuko du.

23 urteko eskolta gasteiztarrak Araberrirekin jokatu du azken urteetan.

Datorren denboraldiari begira Ibargutxik eta Berberenak Iraurgi SBrekin jarraituko dutela jakin eta gero, Urola Bailarako taldeak lehen fitxaketa egin du dagoeneko: Ander Arruti (09/07/1990 -1.91m). Beraz, joko antolatzaile postuan eta hegal pibotarenean euskaldunak baldin badaude, eskolta postua ere euskaldun batek beteko du. Gasteizen jaioa, Baskoniako harrobian egin zen jokalari moduan eta Zaragozan bi urte egin eta gero, Araberri taldearekin egin ditu azken denboraldiak. Gasteizkoekin Zilarrezko LEB ligara igoera lortu zuen eta gutxika-gutxika bere pisua hartu zuen taldean, iaz jokalari garrantzitsuenetako bat bihurtu arte. Aurtenecherekin 27 minututik gora jokatu zituen iaz partiduko eta 11.9 puntu sartu zituen (playoffetan 15,5era arte igo zuen bere bataz bestekoa) 2 errebote baino gehiago batu eta 10.3ko balorazioarekin amaitu zuen bataz beste.

90. belaunaldiko jaurtitzaile onenetako bat bezala dago kontsideratua eta 2008ko Espainiako Junior Txapelketako saskiratzaile nagusia izan zen, 18 urtez azpiko Espainiako Selekzioko ateak zabaldu zitzaizkiolarik horrela. Bere gaztetasunean beterano baten moduan jokatzen du kantxa gainean eta erantzukizuna hartzeko beldurrik ez du izaten. Aurreko denboraldian adibidez, 3 aldiz sartu zuten Zilarrezko LEB ligako bosteko onenean eta egindako denboraldi bikaina dela eta Pablo Lasok udan Euskadiko Selekzioarekin jokatzeko deitu zuen. Tunezen aurkako bi partiduetan nabarmendu zen eta selekzioko saskiratzaile onena izaten amaitu zuen, 18 eta 8 puntu sartuta.

Ibilbidea:

2008/09: Monte Ducay Olivar (EBA): 30 partidu, 6.8 puntu, 1.9 errebote, 0.7 asistentzia, 0.8 baloi berreskuratu eta 4.9ko balorazioa.

2009/10: Monte Ducay Olivar (EBA): 23 partidu, 6.5 puntu, 1.9 errebote, 0.7 asistentzia, 0,6 berreskuratutako baloi eta 5eko balorazioa.

2010/11: Aurteneche Maquinaria Araberri (EBA): 28 partidu, 10 puntu, 3.8 errebote, 2 asistentzia, 1.5 berreskuratutako baloi eta 9,2ko balorazioa.

2011/12: Aurteneche Maquinaria Araberri (Zilarrezko LEB liga): 32 partidu, 9.9 puntu, 3.4 errebote, 1 asistentzia, 1.2 baloi berreskuratuta eta 8.1ko balorazioa.

2012/13: Aurteneche Maquinaria Araberri (Zilarrezko LEB Liga): 21 partidu, 11.9 puntu, 2.2 errebote, 2 asistentzia eta 10.3ko balorazioa.