Iraurgi SBk Zilarrezko LEB ligan jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko uzt. 26a, 12:26

Taldea ez desagertzeko hartutako erabakia da, nahiz eta aurrekontu guztia bete gabe aterako den.

Orain 20 egun baino notizi hobeak dakartza gaurkoan Iraurgi SBk. Izan ere, 2013-14 denboraldiari begira, Zilarrezko LEB ligan taldea ateratzea erabaki da azkenean. Laguntza ekonomiko berriek kluba abenturan parte hartzera animatu dute, nahiz eta diru-laguntzetan jasotako murrizketak direla-eta aurrekontua itxi gabe egitera behartuko duten. Hala ere, urtean zehar aurrekontu hori ixteko itxaropenarekin dago kluba, eta taldearen desagerpenak ekarriko lituzkeen ondorio txarrak asko aztertu eta gero, berriz ere estatuko hirgarren mailan jokatzea erabaki da. Beraz, beste urtebetez, harrobiko ia 400 neska-mutilek euren ispilu izan daitezkeen jokalariak gertutik jarraitzeko aukera izango dute.

Taldea desagertzeak gauza askori agur esatea esan nahiko luke. Alde batetik, Euskadiko laugarren saskibaloi talde garrantzitsuena edukitzeak sortzen duen ilusio itzelari eta hori posible izateko atzetik egin den lan eskergari, bestetik. Eta, zergatik ez esan, etorkizuneko esperantza puntu bati ere bai. Izan ere, saskibaloi jokalari profesional izan nahi duten gipuzkoar gazteentzat tranpolin bezala funtzionatu izan du askotan Iraurgi SBk eta Zilarrezko LEB mailan taldea eduki ahal izateak, lan horretan funtzionatzen jarraitzeko aukera ematen du.

Litekeena da Espainiako Saskibaloi Federazioak berriz ere izena emateko epea luzatzea gaur daukaten bileraren ondoren eta horregatik oraindik ez dakigu zenbat talderen aurka jokatuko duen Iraurgi SBk 2013-14 denboraldian, baina iazko talde kopuru antzekoa egongo dela uste da.