Lehen postuen zelatan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urt. 25a, 09:42
Azpeitia Azkoitia ISB-k Mallorkan jokatuko du bihar larunbata, arratsaldeko 20:30tan, Palma Air Europaren aurka.
Argazkia: Iraurgi SB
Argazkia: Iraurgi SB

LEB Plata. 2013a hasi zenetik bi garaipen batu ditu Azpeitia Azkoitia ISBk jokatutako bi neurketetan eta hirugarrena jarraian eskuratzeko deseatzen daude Iurgi Caminosenak. Horretarako aukera, bihar bertan Palma Air Europaren kantxan, Mallorkan, izango dute 20:30tatik aurrera. Aurreko asteburuan talde lana eginez, Prat-i irabazita morala gainezka dute gipuzkoarrek, berriz ere goiko postuetan buru belarri sartu baitira, hiru lehenen atzetik lehen zelataria direlarik. Helburua argia da, Guadalajara, Clinicas Rincon eta Oviedori oraindik eta gehiago gerturatzea.

Horretarako azken aurrekoaren kantxan garaipena lortzea ezinbestekoa da. Hala ere, azken aurreko sailkatuaren aurka jokatzeak ez du esan nahi neurketa erraza izango denik. Palma Air Europak denboraldi nahiko erregularra burutu du azken asteetara arte . Garaipenak porrotekin uztartu ditu, baina ia neurketa guztietan erakutsi du aurkari deserosoa dela. Azken hiru neurketetan baina ezin izan du irabazi, nahiz eta azken minutuetara arte, hiruretan, izan dituen garaipena lortzeko aukerak. Porrot horiek eraman dute azken aurreko postura eta klubak berehala erreakzionatu du egoerari buelta emateko, zer esana ematen ari den fitxaketa handi bat eginez: Jason Blair pibot estatubatuarra izango du bere aginduetara Matias Cerdá entrenatzaileak. Litekeena da Iruñako jokalari ohiak taldera moldatzeko egun batzuk behar izatea, eta horretan asko lagunduko dio Robert Joseph bere lagunak, baina fitxaketa honekin barruko jokoa asko indartu dute irletakoek. Eta taula azpiko joko indartsu horri, kanpotik dituzten jokalariei batuta, talde oso arriskutsua bihurtzen da Palma Air Europa. Kontutan hartu behar da, ligako bosgarren saskiratzaile onena dutela. Ivan Matemalasek ia 14 puntu sartzen ditu bataz beste eta Robert Joseph-ek 7 errebotetik gora eskuratu. Hauei, Gabi Torresen indarra eta Carlos San Emeterioren gidaritza gehitu behar zaizkio.

Joaneko neurketan erraz apurtu zuen partidua hasieran Iurgi Caminosek zuzentzen duen taldeak eta oso nagusi izan zen neurketa osoan zehar, eta bukaera aldera, Mallorkakoek 6,75eko marratik markagailua txukundu bazuten ere, 97 eta 86 amaitu zen. Orduan, Antonio Pantinek egundoko partidua burutu zuen eta jardunaldiko MVPa izaten amaitu zuen 35eko balorazioarekin. Pibot galiziarra jaun eta jabe izan zen taula-azpian eta bihar ere bere aurpegirik onena erakustea ezinbestekoa izango da neurketa irabazteko aukerak eduki ahal izateko. Aurreko astean talde jokoa izan zen Iraurgikoen ezaugarri nagusia eta hori errepikatuz eta erritmoaren jabe eginez, asko izango du irabazita Azpeitia Azkoitia ISBk, denboraldiko zortzigarren garaipenaren bilaketan.

Jarraian Iurgi Caminosek adierazitakoa:

- Azken asteetan lan ona burutu eta gero, larunbateko neurketari zer nolako sentsazioekin egiten diozue aurre?
“Urteko lehen bi neurketak aurrera ateratzea oso garrantzitsua zen, batetik etxean jokatzen genuelako eta egiteke geneukan lan bat zelako. Taldeak lanean berdin jarraitzen du, hobetzeko gauza batzuk ditugu eta horretan saiatu behar dugu buru belarri, detaile txikiak leuntzen garaipen aukerak izaten jarraitu ahal izateko.”

- Zertan lagundu diezaioke Jason Blair-ek Palma Ari Europari?
“ Gauza askotan, kalitate handiko jokalaria baita, FEB ligetan ibilbide luzea daukana eta igoera lortzeko borrokan ibili ohi izan dena. Beraiek dagoeneko errotazio luzea zeukaten kanpoko jokoan Corbacho edo Panpin bezalako jokalariekin, eta zerbaitetan huts egiten bazuten, taula azpiko jokoan zen, baina orain asko indartu dute posizio hori Blair-ekin, Robert Josephekin ondo uztartzen den jokalaria baita.”

-Mallorkakoak denboraldi nahiko erregularra burutzen zebiltzan, baina azken asteetan behera etorri direla dirudi. Uste baino gogorragoa egiten ari zaie denboraldia?
“Azken hiru asteetan Prat, Clinicas eta Oviedoren aurka lehiakor azaldu dira, neurketa amaiera arte garaipena eraman ahal izateko aukerak edukita, baina zorte pixka bat falta izan zaie. Emaitzek ez dute euren jokoa islatu eta nire ustez 2 edo 3 garaipen gehiagorekin egon ahal ziren momentu honetan.”

- Joaneko neurketan partidua oso goiz apurtu zenuten. Berriz ere hori lortzen saiatzea izan daiteke irabazteko aukerak edukitzeko gakoetako bat?
“Neurketek 40 minutu irauten dute, eta beraz lehenago edo beranduago apurtzeak ez du axola, lortu behar duguna denbora guztian konstanteak izatea da. Joaneko neurketan lehen hiru laurdenetan ondo lotu genuen neurketa eta joan-etorriz beteriko azken laurden batean beraiek aldea txikitu zuten 6,75eko marratik asko asmatuta. Erasoko jokoan oso iaioak dira, beraz neurketako erritmoaren jabe egitea oso garrantzitsua izango da.”