Izarraizpetik

Hilerokoaz

Irati Arangurenek 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bizitzak hamaika bira ematen ditu; hamaika ezusteko on eta ez hain onekin egiten dugu tupust! Horrela, gure bidean marrazten goazen lorratzak norantzaz aldatzen dira zenbait bidegurutzetan, eta kapituluak sortzen dira gure historian.

Besteak beste, "jada emakumea zara!" entzutean hasten da neskatilen bizitzan atal berri bat. Hilerokoa duen nork ez du entzun esaldi hori? Bada, horrela egin izan zaio askotan ongietorria menarkiari, hau da, lehenengo menstruazioari.

Urte gutxitan asko aldatu da odol jarioaz dugun ikuspuntua; orain arte ezkutukoa eta zikina zen gaia badoa argia ikusten. Nerabezaroan ikasi genuen hilerokoa 28 egunez behin izango genuen odol jarioa zela. Azaleko teoria horrez gain, odola nola jaso eta ahalik eta garbien eta disimuluen ibiltzeko zenbait pauta jaso genituen. Nire adinekook jasotako hezkuntza hori izan bazen, pentsa gure arbasoena nolakoa izango zen!

Egun, ordea, egoera bestelakoa da. Hala esan zion nire lagun irakasle batek bere ikasle bati menarkia etorri zitzaiola adierazi ostean: "Begira, horrek, zure gorputza ongi garatzen ari dela eta osasuntsu zaudela esan nahi du!". 10eko erantzuna, bai horixe! Zentzudunagoa eta lagungarriagoa da nerabeentzat guk entzun genuen esaldi ezagun hura baino.

Nire aburuz, emakumeon helburua gure hilerokoaren lagun bilakatzea da. Informazio asko ematen digu odol jario horrek norbere buruaz. Baina, horretarako, garrantzitsua da gure gorputza entzutea eta igortzen dituen mezuak jasotzea. Odolak ez du kolore, usain edo dentsitate bera izaten beti, zergatik? Obulazio zikloaren egun kopurua ere aldakorra izan ohi da, nolaz? Jario hori minarekin lotu behar al da? Elikadura ohiturak, lan kargak, emozioek eta abarrek eragin zuzena dute aurrez aipaturiko puntuetan.

Gure hilerokoa eta geure burua ezagutzeko primerako baliabidea da ziklograma. Grafiko hori eguneroko bat dela esan daiteke. Bertan menstruazioa noiz jaisten eta amaitzen zaigun seinalatzeaz gain, nola sentitzen garen (sozializatzeko gogoa, umorea...), minik ba al dugun zein beste hamaika apunte hartu genitzake. Naturako parte garenez, gu ere ziklikoak gara, eta esan daiteke ziklo bakoitzean udaberria (aurre obulazioa), uda (obulazioa), udazkena (aurremenstruazioa) eta negua (menstruazioa) bizitzen ditugula gure gorputzean. Hilerokoaz eta faseez informazioa izateak geure burua gehiago ezagutzen lagunduko digu; hori oso baliagarria da ahalduntzeko eta hilerokoaren lagun egiteko.

Bestalde, aurrez aipatu dugu isuri periodikoak hainbat mezu dakarzkigula; usain, kolore zein dentsitateak gure osasunari buruz informazioa ematen digute. Baina hain ezagunak diren konpresa eta tanpoien bidez nola igarri elementu horiek? Agian iritsi da unea kopaz, konpresa berrerabilgarriaz edota free bleeding-az informatzeko. Animatzen?

Gorago aipatutako herriko irakasle hark esan zidan ikasleekin lantzeko duen hilerokoaren kutxatxoan kopa ere baduela. Gainera, zortekoak gara gu Azpeitian, bertan mimoz eginiko konpresa berrerabilgarriak ditugulako. Gure nerabeek aukera zabala dute, beraz. Hori hala, ahalik eta informazio gehien eman behar diegu, eta ondoren beraiek erabakiko dute zer erabili, zer gorde eta zer alboratu.

Badator maiatzaren 28a, hilerokoaren eguna; aprobetxa dezagun odol jario osasuntsuagoaz eta askeagoaz hausnartzeko!