Orekarekin jolasean

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2019ko abu. 5a, 11:35

Irati Arangurenek Uztarria aldizkariaren 2019ko uztaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hementxe dugu Azpeitia Dantzan! Askok jakingo ez duzuen arren, uztaileko asteburuetan dantza emanaldiak izaten dira herrian. Dantzaren Nazioarteko Eguna apirilaren 29an bada ere, gurean uztaila dugu dantzaren hilabetea. Nolaz? Bada, ez dakit. Udaren atarian geure buruari dantzatzeko baimena ematen diogulako, agian?

Zortzi urte dira euskal dantzak irakasten hasi nintzenetik. Irakastea dela ikasteko bide onena diote, eta bai, asko ikasi dut urte hauetan harremanez eta bizitzaz. Eta noski, dantzari buruz ere ikasi dut zertxobait. Ikerketen arabera, dantza da jende kopuru handiena mugitzen duen kultur jarduera Euskal Herrian. Azpeitian ere dantzari asko daude, eta poztekoa da herrian dugun dantza eskaintza. Baina dantza ikasleku horietako zenbatek ote dute hormarik zabalenean alderik alde ispilua?

Nire aburuz, dantzatzean sortzen diren sentsazioak entzutea da helburua, eta ez dantza egitean ispiluak erakusten digun irudi hori baloratzea. Ispiluak egiten duguna ikusten dugunaren arabera juzgatzera garamatza, beraz, bi emaitza posibleren arabera balora daiteke dantzakera: ongi dantzatua edo gaizki dantzatua. Aldiz, ispilurik gabe dantzatzeak gorputzean sortutako sentipenak entzutera darama dantzaria. Dantzatzea beste kideekin konparatzea baino haratago doa, dantza norbere gorputza eta mugak ezagutzeko tresna da. Dantzatzean burua eta gorputza konektatzen dira, aldi berean, garunaren jarduera ugaritzen da. Gainera, memoria muskularra garatzen da, orekaren kontrola hobetzen da eta begi erreflexuak azkartzen dira; erortzeko beldurrik ere ez du inoiz dantzariak.

Beraz, aholku bat: dantzatu (baina ez uztailean soilik, urteak 365 egun ditu orekarekin jolasteko)! Eta ez ahaztu Ohad Naharin koreografo israeldarrak esana: "Beti gogoratu behar dugu egunero pixka bat dantzatzeaz... baina inoiz ez ispiluaren aurrean".