Hitzekin elikatuz

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2011ko ira. 28a, 01:09

Aspalditxoan ez dut liburu bat tajuz irakurtzeko denborarik hartu. Pare bat liburu utzi berri ditut eta zein utzi hautatzerakoan etxean dauzkadan liburuei erreparatu diet. Oroimen desberdinak ekarri dizkidate. Berriz ere liburuak eskuetan edukitze honek (mesanotxean ditudanak hautsa hartzeko bakarrik daudela diruditenez) liburu berri bat irakurtzera animatu nau. Lehen saioa egin ondoren halako sentsazio atsegin bat nabari dut, azken boladan falta izan zaidan zerbait berreskuratu izanaren sentsazioa.

 

Izan ere gorputz soil batzuk bakarrik ez garenez, gorputza bakarrik ez da elikatu beharra duguna. Pertsona bat bere gorputza eta zerbait gehiok osatzen dute: espiritua edo arimak, nahi den bezela hots egin. Pertsona hori osotasun baten bizi dadin bi osagaiak zaindu behar dira. Eta askotan gorputza mantentzen joaten zaigu eguneko denborarik gehientsuena, espirituarekin akordatu ere egin gabe. Baina espirituari jaten ematen ez badiogu, zerbaiten faltan sentitzen gara. Irakurtzea espiritua elikatzeko bideetako bat da.

 

Janariak bete egiten gaitu, jateko momentua plazerra izan daiteke, kalte ere egin dakiguke, tripako minez utzi, dijestioa zaildu, afrodisiakoa ere gerta daiteke, mendekotasuna sortu dezake... Irakurtzeaz ere gauza berberak esan ditzakegu espirituarekiko. Janak dieta egiteko balio du, eta irakurtzeak ere bai (Millenium 1, 2 eta 3 liburuak irakurri nituenean goizeko ordu txikiak arte, lo gutxi eginez, hura piura! Kilo batzuk galdu nituen). Irakurtzeak abantaila bat badu: janaria behin irensten dugunean, kitto! Jandakoa joan da. Ezin da berriz jan. Liburu bat aldiz, nahi adina alditan irakurri dezakegu, eta behar bada mezu desberdinak jaso aldi bakoitzean, gainera.

Denetik jatea gomendatzen duten bezela, irakurketan ere zenbat eta gai gehiagori buruz irakurri orduan eta orekatuagoa edukitzen du batek bere espiritua.

 

Liburuetan azpimarratuko nituzkeen errezeta, esaldi, pasarte ugari topatzen ditut, asko kostatzen zait markak egitea, ordea. Atsegin haundiz irakurri badut eta elikagai onak aurkitu baditut bertan, irakurtzea bukatutakoan jasotakoa konpartitzeko beste batzuei liburua uztea gogoko dut, eta nire markekin inorren irakurketa baldintzatzerik ez dut nahi izaten. Akaso beraiei ez baitie ezer esango edo beste zerbait baliotsuagoren bilaketan despistatu ditzakedalako. Aparte, beste orri edo koaderno batean apuntatzen ditut.

 

Hau guztia dela eta ezinbestekoa deritzot txiki txikitatik umeei irakurtzeko zaletasuna pizteari. Etxetik hasita, gurasoak eredu bilakatuz. Egin dezakegun inbertsiorik onenetakoa da. Hortarako, umeak eta gazteak motibatzeko liburuak beraiei interesatzen zaizkien gaiei buruzkoak izateko ahalegina egin behar da. Etxean eta eskolan (ze, eskoletan irakurri behar izaten diren zenbait liburuk justu kontrako efektua lortzen baitute).

 

Zorionekoa zu irakurtzea gustukoa duzulako!!!