Lehengo zulo haiek

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2009ko mar. 5a, 13:03

9 urte pasa dira. Ikastaroa etxe partikular baten zen. “Ze arraro!” Lehena iritsi nintzen. Ikastaroa emango zen gelara bideratu ninduen gizon batek. Argi ahul bat zegoen gelara. Nere harridurarako etzegoen ez mahairik ezta eserlekurik ere. Kojin bat hartu eta bertan, lurrean esertzera gonbidatu ninduen. Intzentsu usaina zegoen. Arbel txiki bat txoko batean. Jende gehiago heldu zen. Guztira zortzi bat lagun ginen. Gazteena ni. Askok elkar ezagutzen zuten; “eztek ba sektan bat izengo?” Oinetakoak kendu eta eroso jartzeko esan zigun irakasleak. “Oinetakoak kendu? Kriston patata zulue zaukeat ezkerreko galtzerdietan!” Koadernoan zeoze apuntatu nuen denbora galtzeko. Denak zapatak kentzeari ekin zioten. “Nik e kendu einberko itxiat ba...” Paretan apoiatu aitzakiz denei bizkarra eman eta nik ere neureak kendu nituen eta behatz potoloa agerian uzten zidan zuloari tiraka-tiraka hanka azpira eramatea lortu nuen. Eskerrak!

Hortan, eseri eta irakaslea azalpenak ematen hasi orduko behatz potoloa ikusi nuen. Hatz azala eta behatz osoa. Aldemeneko behatzaren hertza ere bai. Halako izerdi batek busti ninduen. Gorri-gorri jartzen hasi nintzela jabetuz eskuarekin hanka eutsiz zuloa tapatzea lortu nuen. “Lixto!”. Azken 5 minututan irakasleak esan zuenaren arrastorik ez, ordea. Zentratzea lortu bezain pronto, oso ezeroso sentitzen nintzen. Zuloa tapatzea lortu bai baina ezin gehiago agoantatu postura hartan...

Ordu laurden inguru galdu nuen nere burua lotsagarri sentiarazten zuen zuloa disimulatu nahian. “Hola ezteok segitzeik! Nahi dunak nahi duna pentsau daiyela. Eztek hain rarue galtzetinetan zulo bat eukitzie”. Eta halaxe,nere arreta hankatik klaseruntz zuzendu zen. Klasea bukatzerako ia-ia harro eta dena sentitzeraino.  Halere, hurrengo klaserako ondo asko erreparatu nien jantzitako galtzerdiei.

 

Lehen, zulatutako edo zuloak konpondutako galtzerdiak erabat erabiltzen ziren. Baita barruko kamixetak, eta beste arropa asko ere. Gero, oparotasun aldian sartu ginenetik nik uste tontotu egin garela eta zulo aztarna txikiena izan arren zakarretara bota izan ditugula lehen konpontzen ziren jantziak (ezta kristalak garbitzeko ere ez ditugu gorde hortarako produktu bereziak erosiaz), etxeko tresnak, altzariak....

Orain, aldiz, krisia etorri. Krisi ekonomikoa (beste krisi batzuk aspaldian baitauzkagu inguruan, balioena esate baterako). Dirua errazegi xahutu degu. Gehiegi izan degu denetik: arropa, etxea, kotxea, gu geu garbitzeko produktuak, jatekoa, altzariak... diruak eskuetan erre egin izan digu. Artean erabili, jan zitezken zenbat gauza bota ote degu zaborretara! Bitartean munduan oso urrutira joan gabe gure hondakinekin bapo biziko zirateken milaka lagun goseak akabatzen.

Gaur familia ugari dira oparotasunetik hilabete bukaerara iritsi ezinik egotera pasatu direnak. Aurrera begira ere dena beltz ikusten dutenak. Ez da giro bazterretan.

 

Materialtasuna alde batera utzi eta baztertutako harremanak berreskuratzeko aukera ederra daukagu diru eskasia daukagun garaiotan: lagun arteko tertuliak, pasierak, seme alabekin gehiago jolastu gurasoak jostailuak ordezkatuz, telebista itzaldu eta sexu harremanak hobetu, bai kopuruan eta baita kalitatean ere...hau da, pertsonago izateko aukera degu.

 

Aurreko aukeretatik ezer ere gustuko ez duenak Uztarrian blog bat ireki dezake bere ideiak azaltzeko ze krisiak guri, blogarioi, ere eragin digula esan behar...