Nola zimurrarazi muturra tabernako bezeroei?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2008ko uzt. 12a, 16:07

Aspaldian ordenagailua piztu ez eta, gaur uztarria.com-en sartu eta nere kideen azken artikuluak irakurtzen ibili naiz.

Ramonek ez nekizkien gauza batzuk azaldu ditu. Interesgarriak. Estitxuk krisiaren aurpegi alaia erakusten asmatu du. Bejondeinala!

Garbiñek tabernetako barraren alde bat deskribatzeko dekalogo bat egin digu. Puntu gehiekin ados nagoen dekalogoa, neu ere barraren bi alderdietan ibilia naizenez identifikatuta sentitu naiz ia denekin. Orain, barraren kanpo aldean sartutako orduak askoz gehiago izan dira. Mila aldiz! Eta bezero aditu bezela  kontra-atakean nator. Zer egin dezake tabernako zerbitzariak muturra zimur diezagun? Hona hemen:

 

  1. Bezeroa tabernara sartu orduko kamareroa bere txokotik mugituerazi dugulako muturrak jarri. Hortan okerrenak jabeak dira.
  2. Berak edalontziak ondo ez garbitzeagatik  guk ardo zaporeko zerbeza edan beharra.
  3. Eskuaz blai dituztela pintxoak bataiatzea ur bedeinkatuarekin!
  4. Ardo zaporeko zerbezak edo pintxo kontaminatu horrek kalte egin eta estuazunen baten komunera joan garenean argirik ez egotea.
  5. Aurrekoa txiskero batekin erremediatu dutenek, kamarero askok ez bezela gauzak garbi utzi nahi eta paperik ez!
  6. Demagun badaudela. Bai argia eta baita papera era. Falta dena krisketa dela. Eta aurrekoaren harira ez garela prexixo txixeinea joan. Imajinatzen egoera? Makurtuta, baina komuneko tapa ziprizkindua ukitu gabe, esku bat luzatuz. Surf-larien posturan, “besoak metroerdi luzeago zergatik ez ote ditut” galdetuz.
  7. Barrenak hustu eta berriz ere goseak. Pintxoaren partez ogitarteko bat eskatu dezu. Pasatu dira 10 minutu eta zure mokaduaren arrastorik ez. 15 minutu. 20. Zure albora bikote bat dator, hauek ere pare bat ogitarteko eskatu eta zuri baino lehenago ateratzen dizkiote.
  8. Beste herri askotan bezela, tragoekin batera pikatzeko zeoze ez ateratzea: patatak, olibak, kakahueteak…
  9. Tabernara sartu. Kamareroa telefonoz hizketan. Gu ikusi gaitu. Hizketan jarraitzen du. Oraindik ere hizketan darrai…
  10. Sarrerako ate bikoitza eduki arren, biak zabal-zabalik mantentzea astegun buruzurietan ere, barruan musika builan egonda. Goian jendea lo egin ezinik eta behean taberna ia hutsik.

 

 

Hoiek normalean egin ditzaketenak.

Festetan areagotu egiten da egoera:

 

  1. Komunak itxi.
  2. Komunetako atea kendu
  3. Plastikozko edalontziak ohiko edalontzien aldean txikiak erabili, prezio berdina mantenduz.
  4. Behin eta berriz disko berdina jarri.
  5. Eta gainera ze abesti daude disko horretan? Ze musika jartzen dute?
  6. Musu puntan jarritakoan taberna itxi. Baimena eduki arren, ordubete edo bi lehenago ixtea.
  7. Zerbeza epela ateratzea. Beste edozein edarik izotz koskor batzuekin erremedioa badu, zerbezak ez, aldiz. Besterik eduki ezean aurrez abisatu bezeroari gutxienez.
  8. Prezioak igotzea.

 

 

Halabeharrez, festa giroa tabernarien esku dago neurri haundi batean. Ia kolaboratzen duten, hartara denok irabaziko baitugu.