Pazientzia

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2008ko eka. 10a, 00:06

"Pazientzia behar da indusketako lanean baina merezi du". Uztarria aldizkariko azken alean azaltzen diren Sonia San Jose, arkeologoaren hitzak dira.

Pazientzia: geroz eta gutxiago nabarmentzen den bertutea. Gaur egun hiztegietan bakarrik dagoen hitza dela ematen du.

Lehen, orain dela asko ez, mundura etorri aurretik ez zen jakiten zenbat ume azalduko ziren amaren barrutik; ez eta mutil edo neska koxkorra izango zenik ere. Gaur egun, hala nahi duenak jaio baino askoz lehenago jakin dezake. Neurri batean ondo al datorren ere bai.

Umeari biberoia berotzeko ez zegoen mikroondasik eta zain egon behar izaten zen. Pardeletako gasak lehortzeko ere bai.

Jaio zela abisatzeko eskutitza bidali eta egun batzuetara jakiten zuten urrutikoek jaiotzaren berri. Orain telefonoz, sms, edo e-mailez momentu batetik bestera jakin daiteke eta argazki bat ikusi ere bai. Haurrari argazkia atera eta karretea gastatu arte egon eta gero rebelatu arte egon partez (kamera polariod hoietakoa ez bazen bederen), egungo kamerekin ateratako argazkia instant berean nola atera den ikusi dezakegu. Eta horrela nahi adina adibiderekin jarraitu nezake.

Berehalakotasunean bizi gera. Gure esfortzuen emaitzak momentuan jaso nahi ditugu. Zain egon beharra badegu, akabo gureak! Presakako bizimodura murgildu gaituzte hainbeste aurrerapen teknologikok. Eta horrela patxada galtzen joan gera. Eta horrela pazientzia galtzen joan gera. Eta horrela pakea galtzen joan gera. Ze batek esaten zuen modura, pazientzia pakearen zientzia da. Hortaz, pazientziarik ezean nola bizi pakean? Askotan diruarekin erosi daiteke pazientzia eduki beharrik ez izatea. Batik bat teknologia tartean denean. Horrela, analisi batzuen emaitzak, kontzertu, emanaldi baterako sarrerak, estreinatu berri den pelikula bat e. a. dirua/teknologia edukiz gero di-da batean eskuratu ditzakegu.

Bestelako nahiak ere baditugu ordea: amodiozko proposamen baten erantzuna, azterketa eguna iristea, geu edo inguruko pertsonak aldatzea, haztea, heltzea… inork azkartu ezin ditzaken egoerak dira. Nahi eta nahi ez denbora bat behar duten egoerak. Norbaiti zeoze eskatu eta segituan eman ezean urduri jartzen gera, antsietatez jartzen gera zain. Internet bere onenean ez dabilenean ere nola petraltzen geran ikusi besterik ez dago. Bilera, hitzaldi, zineman gaudela telefono mugikorrak jotzen badigu lotsagabe-lotsagabe, besteak beren eserlekutatik altxa eraziz sarritan, deiari kasu egiten diogu hil edo bizikoa balitz bezela. Ekitaldia bukatu arte itxaroteak ezin egona sortzen digu.

Zain egoten ahaztu egin zaigu eta gazteei ez diegu pazientzia edukitzen ondo erakusten. Beraz, umeak pazientziarik gabe datoz eta besteok genuena galtzen ari gera.