Ta orain opor motxak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko ira. 4a, 14:09

Hasi gera berriz ere lanean. Gehienok behintzat. Opor haundiak bukatu eta eguneroko bizimodura murgilduz. Pilak ondo kargatuta aurrera. Ostiralean hasi nintzen neu. Lankideen artean ez nuen tristurarik nabari. Pereza pixkat bai, baina egun hauetan hedabideetan hitz egingo den bezelako depresiorik ez.

 

Bidaiatzea oso gustukoa dut, baina etxera ere gustura bueltatzen naiz. Festak eta parrandak ere gustuko ditut, baina bukatutakoan ere poza hartzen det. Atsegin det egiten dudana eta oporretan primeran ibiltzen naizen arren lanean ere gozatzen badakit. Gustura itzuli naiz lanera. Berriz ere etorriko dira opor luzeak.

 

Ederra bestela paraderoa nerea! Lana edo lantokia gure bigarren etxebizitza da. Etxetik kanpo denbora gehien pasatzen degun lekua/eginkizuna. Ez al da gaizki egoteko denbora gehitxo? Depresioak jota egoteko egun askotxo? Muturrekin ibiltzeko neke haundiegia?

Aurreko kasuren batean egonez gero benetan penak merezi al duen aztertzekoa da. Balioa zeri ematen ari garen ausnartzekoa. Askotan ez bait degu guk nahiko genukeen hortan lan egiten mila arrazoirengatik. Kasu hoietan, ez dakit zein zen esan zuena baina, gustukoa ez daukagunean, daukaguna maitetzea omen da erronka.

 

Dena dela, jatea bezelako garrantzia ematen diet oporrei. Jan ere egunero egin behar izaten degunez, oporrak ere egunero egiten saiatzen naiz. Bankete haundiak segida xamar izan ohi ditugunean, etxeko jatekoa, egunerokoa, jateko gogoz egoten gera. Oporrekin ere berdina gertatzen da. Haundiak bukatu dira. Ez degu orain ito-ito eginda ibili behar Gabonak edo Aste Santurarte. Egunak, asteak, badituzte ordu batzuk, opor txikiak, gure erara antolatzeko modukoak. Asma dezagun ba egunero edo sarri-sarri behintzat neurri apalago batean bada ere, momentuaz gozatzen.

Neri on egiten dit.