Dena ilundu da (II)

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko eka. 13a, 14:06

Sgxgjxxgrrgxfkxgxskftspkxe…

Kaka!  Gaur e bai!

Gaur ere momentu interesgarrienean dena ilundu da eta ezin bukaera entzun!

Sarritan gertatzen zait. Irratia entzunez txofer nabilela, notizi zehatz baten zain nagoenean, berau entzuten hasi orduko, edota, irratsaioan zerbait gustatzen hasten zaidanean, dena iluntzea. Tunel bat suertatzen da eta bertan sartutakoan sgxgjxxgrrgxfkxgxskftspkxe…

Azeleroi bat eman eta tuneletik irteterako nik entzun nahi nuena esana dute iada. “Ze esan oteik?”, “ze ordutan izengo dala esan oteik?”, “non?”, “zeinek irabazi oteik?”…

Atzera bueltarik ez du gainera. Ezin buelta eman, berriz ere tunelean sartu eta lehen galdutakoa entzun.

Gaur goizean (ia egunero) despertadoreak ere jokaldi berdina egin dit. Amets goxo bat erdi-erditik moztu dit. Hautsi. Berriro lokartu eta ametsean sartzeko ahaleginak egin ditut baina alperrik. Gogoarekin geratu naiz.

Txikitan irratsaioen ordez arnasa zen tunelek mozten zigutena. Tunel sarreran arnasa sakon hartu eta dena zeharkatu arte barruan agoantatzen saiatzen ginen, irtendakoan erdi itota botatzeko. Malmasingo tunelean inork ez genuen lortzen erronka hura.

Egunerokotasunean ere gauzak mozten dizkiguten zeraz inguraturik gaude. Batzuek, geuk uzten diegulako. Besteak, guk nahi ez arren bizilege direlako. Eta ezer egiterik ez degunez ekiditzeko, datozen moduan hartu behar.

Tunelaren bukaeran,ordea, beti dago argia. Beti.

Baita gauean ere.