San Volantín

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko ots. 14a, 08:02

Gaur 10 urte bete dira kotxearekin kamioi baten azpira sartu eta mokorreko galant bat hartu nuenetik. Errezil bidean. Ostegun gizen bezperan. Karnabal haiek hospitalean. Dabilenari gertatzen omen zaio eta aurrera. Osatu nintzenean berriro kotxea hartzeko amorratzen.

Izan ere kotxeak diru asko kentzen digun arren, abantailak ere asko dituenez, asko gustatzen zait txofertzea. Gainera, jendea ezagutzeko oso tresna ona da. Datu asko atera daitezke bolantea daramanari buruz.

Jendeak zenbaterainoko pazientzia duen nabarmen geratzen da. Huskeria batengatik bozina jo eta jo. Maldiziyoak beti besteei errua botaz. Eskerrak semaforo batzuetan gelditu behar izaten degun desahogatzeko. Gure zikinak kanporatuz. Batik bat sudurretakoak.

Geu txofer ari garenean, besteei pasoa uzteak ematen du halako gauza on bat. Kamioren batek ematen digunean ere bai, aurreratu dezagun eskubiko intermitentea piztuz. Antsietateak jota gaudenean poliki txofertu ezkero geure burua baretzen da.  …Semaforoak berriz…nik zer esan ez baitakit ze koloretakoa den piztuta dagoen  argia…

Kontrako sentsazioak ere badira: atzetik jo beharrean pega-pega eginda kotxe bat daramagunean. Benetako remolke bat baino astunagoa egiten da. Adelantamendu txar bat egiten duenean baten batek nere sua piztuaz. Aurreko kotxea karakolaren pare doanean. Makal- makal. Azpeitian, sarritan, rotonda batera sartu nahian, kieto frenatu behar izan det tronpoa egiten bizpairu buelta ematen aritzen diren kotxe hoietako baten aurrean, “nayo nikik paretie joko balu”.

Peajetan. Hauetan bankuetako berdina gertatzen zait neri: ni zain nagoen leihatila beti ataskoak sortzen dituena izaten da. Nere atzetik beste leihatiletara joandako denak, ni artean zain nagoela, beraien eragiketak egin eta badoazen bitartean. Hasieran lasai, baino azkenerako marmarrean. Beste leihatila batetarako kolara pasatuz. Lehen nere atzean zegoena nere aurretik iritsi dela ikustean “geldi geldik eon banintz”. Batzuetan parre egin behar neure buruari.

Kopiloto zein doan ere aldea dago: “hor stop jartzezun eta etzea geau” karneta atera berri dutenen irteera tipikoa. “Gorriyen pasau dezu”. “Intermietentiei eztiyozu eman”.

Hortan onenak amamak. Behin autopistan esandakoa: - “zenbaten hue?” -Nobentan. –“Ba junai azkarro. Hor ziento beinten juteko jartzein”.

Neuk pazientzia banuelakoan nengoen. Haundia gainera. Irakasle lanetan jarduten dudanetik ikaragarri hasia baitaukat. Eskerrak. Ba orain dela asko ez, lehengusu batekin kotxeko praktikak egitera joan nintzen. Karneta ateraz geroztik urte batzuk kotxerik hartu gabe zeramatzan. Halako baten: “Iosu, nei ez iezu bullaik atea!”- “Bullen ai al naiz ba?” Ni konturatu ez ordea. Beti izan naiz petrala etxekoei zerbait erakutsi eta ulertu ezinean dabiltzanean. Arreba testigu.