Azterketak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko aza. 24a, 20:11

Aste hau azterketaz betetakoa izan da. Azterketa ofizialak. Abixatutakoak. Bestelakoak ere jartzen baititut: azterketa sorpresak.

Hau idazten hasi naizenean ikasleak azterketa egiten ari dira. Ni begira. Lehen denbora guztian tente egoten nintzen, batetik bestera mugituaz inork kopiatu ez zezan. Umiliazioa zen kopiatzea. Orain, aldiz, beste azterketak zuzentzeko aprobetxatzen det denbora. Daukagun fama baino askoz lan gehiago egiten degunez irakasleok, etxerako lanak kentzeko. Hortaz, estrategiak asmatu behar lana lasai egin ahal izateko: azterketa desberdinak ipini, toki zabal batera eraman…. Izaten da hala ere, horko galdera, hango zalantza. Formula esango al diodan, hori ze orritan jartzen zuen, ia ondo al doan…xantu aurpegia jarririk. Nik txinoz ari balira bezela. Ez ulertuarena egiten diet. Edo badakizu hori ezin dizudala esan, txikito!

Gorka bekosko ilun bat kopetan jantzita dago. Iñaki etsita errekuperaketa noiz izango den galdezka. Mikelek hi haiz kabroia esaten dit begiradaz. Borjak metroko muturrak ditu. Naiarak irribarrea. Jose Mari kalkulagailu gabe etorri da. Azterketa batera kalkulagailurik ekarri ez! Oso ondo. Ba eskuz egin ariketak. Nahi badezu puntu bat kobratuko dizut nire kalkulagailua uzteagatik. Ia horrela ikasten dezun… Kalkulagailurik gabe egitea erabaki du. Mikel kopiatzen harrapatu eta azterketa kendu diot. Tonto jarri ez zait ba! Gero barkamena eskatu dit. Bakarka.

Oso seguru egon behar izaten det norbait kopiatzen ari dela akusatzeko. Txuleta ateratzen dutenei kopetan antzematen zaie. Neu ere kopiatutakoa naiz. Beraz, sarritan ikasleekin identifikatuta sentitzen naiz. Nik hori dena bizita daukadalako. Zein aberatsa den gauzen bi alderdiak ikustea!

Ikastolako azken azterketa: literaturakoa. Errekuperaketa zen. Gainontzeko dena gaindituta nuenez, hura ere gainditu eta selektibitatera. Txuleta bat atera nuen eta igarri irakasleak. Nigana zetorrela nik poltsikoan sartu.

-         Haber Iosu. Atera poltsikoan sartu dezuna!

-         Nik? (Tonto planta eginez) Harrapatu natxik!

Tente jarri eta hustu nuen poltsikoa. Mukizapia, etxeko giltzak, txanpon batzuk…txuleta lurrera erori zitzaidan eta bost duroko bat ere bai. Nire aldemenean ustet Miriam zegoela. Txuleta lurrean ikusi zuenean ni baino urduriago jarri zen. Nik, da! Hankarekin zapaldu nuen. Irakaslea ez zen jabetu. -Dirua erori zaizu- esan zidan.

Ni kaka irten beharrean. Makurtu bost durokoa hartu eta txuleta ahoan sartu nuen.

Oraindik ere gogoan det ahoan nuen Blas de Oteron zaporea. 5 bat atera nuen.

Orri oso bat, berriz, 14 urterekin atera nuen lehenengo aldiz (gutxitan atera det harrezkero). Pentsatu ze emozio sentitu nuen, kopiatu aurretik inguruko denei jakin arazi niela: px,px, bitu, ojie ateaiat. Bandoa jo nuen. Aulkian ez nintzen kabitzen: Artistie nauk! Kopiatzearena baino sentzazio hobea irakasleari adarra jo nionarena zen. Inuxentea ni.

Eta orain irakasle.

Txuleta aterata ere gaizki egiteko moduko azterketak jartzen saiatzen naiz. Buruz ikasteak ez du balio niretzat. Ikasitako hori erabiltzea, arrazoitzea, azaltzen jakitea da balio didana. Balioko diena. Bestea belaxe ahazten da. (Zein balio du hiztegi bat zer den jakiteak, gero erabiltzen ez badakigu?) Informazioa leporaino daukagu. Informazio hori erabiltzen, baztertzen jakitea da nik baloratzen dudana. Behar ez diren datuak eta dena ematen dizkiet. Pentsatu araztea det helburu. Busti daitezela bide bat edo beste aukeratzerakoan.

Azterketak ez zuzentzearren balkoira bueltaka ibili ohi naiz, sukaldeko armairura…Garai batean ez ikastearren egiten nituen gauza ber-berak egiten ditut. Pentsatu ze rollo sartu dizuedan gaurkoan ere. Beraz, berriketei utzi, boligrafo gorria hartu eta notak jartzera noa.

Aurrena zuei irakurleoi. Itxura den bezela izena jarriaz erantzuten dezutenoi aprobatua. Batzuk besteak baino nota hobea. Izenik jarri gabekoei berriz: kalabazak. Identifikatu gabe nahi dena esateak ez dit balio. Errekuperatu beharrean zaudete.