Akaso...

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko urr. 24a, 18:10

Ez zaizkit inoiz Interneten chatak gustatu bikote bat aurkitzeko baliabide bezela. Badaude bide hori jarraituz, momentuz behintzat, zoriontsu diren bikoteak. Baina, izaten da ba…zeoze ematen dit.

Gaur, ordea, beste ikuspuntu batetik ikusten hasi naiz gauzak. Xelebreak gera gero! Grisa dena batzuetan beltz-beltza ikusteko edota bestetan txuri-txuria ikusteko sekulako abilezia dugu. Betiko bideetan gero eta zailagoa ikusten denez, akaso bloga erabilita andregai katxarro bat topatu nezake (ez nahastu andregai izeneko katxarro zahar batekin).

Jorge Bucay idazle eta psikoterapeuta argentinarrak dioenez, hasieran desberdintasunak erakartzen ditu bi pertsona. Denbora pasa ahala ordea, hasieran erakargarri zena banatzen eta elkarrengandik aldentzen gaituena bihurtzen da. Juxtu kontrako efektua.

Hori dela eta nire antzeko norbaiti begira jarri naiz eta urrutira joan gabe bertako intxaurrak aztertzen hasi naiz. Beste bloglariak, alegia. Akaso hauxe da nire bidea.

Horra asko pentsatu ondoren ateratako datuak:

  • Estitxuk aita Elosuarra duzu. Neuk ere bai. Zure lagun bat nire lagun batekin ezkonduta dago. Ez okurritu neoprenozko edo submarisnimoko jantziekin azaltzerik eh! 8. mailako afarira emandakoarekin konforme.
  • Begoña, ni bezela, errebaldarra zera. Aldemeneko karrerakoa. Balkoian banderola jarrita daukazu eta nik ere bai. Haizea hartzera bidali behar banauzu ni ere, segi hortxe, zeure karreran. Maletin bat badaukat ordea etxean…
  • Alaitz antzerki zale amorratua. Ni bezela. Garai baten auzokideak izandakoak gainera. Bi amorratu batera…Erretzea uzten duzunean izan beharko du, bestela berehalaxe erreko da gure artekoa. (Ez dut era poetikoago batean xuxurlatzeko esaera zaharrik aurkitu).
  • Nerea. Zu ez zaitut ezagutzen. Oraingoz… Neure burua ezagutzen ote dudan ere askotan jartzen dut dudan. Baina niri ez etorri gero bazterrak nahastera: jarri hor azpeitiarkeria eta azpeitiartasunarekin atzera eta aurrera!

Orain, Uztarria hortarako erabiltzea ere… Ez dakit oso ona ote den. Pentsatu, bide guztian uztarria lepo gainean hartuta. Beti aurrera begira, baina elkar ikusi ezinik. Beti batera. Lauretako edozein izanda ere parean joateko beti makurtuta…

Nire gerriei ez zaie holakorik komeni.