Gezurra eta zikina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola | Iritzia | Artikulua
2017-12-07 16:42

Gaur hiritar zintzo asko zubi-gainean dago, dabil edo datza, eta hori da atzoko eta biharko jai haundiei esker: bateko Konstituziyo eta besteko Kontzeziyo. Zubi-azpitik bezala jardutea tokatzen da gaur.

Atzokotik hasiko gara: Abenduak 6, 1978. "Espainiako herriak" referendumean onartzen du konstituzio bat, gizon ahaljakintsu batzuek Madrilen idatzia. Hala dio 1. artikuluan (itzulpen ofizialean): "Espainiak zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa eratzen du"; eta 2. artikuluan: “Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta banaezina”. Urte batzuk dira ohartu nintzela gauza xinple batekin, eta hain da xinplea non ulertzeko zaila egiten den. Ea asmatzen dugun: konstituzio horren zainak konstituziotik kanpora daude. Estatua “eratzen” duen Espainia hori zer da?, non dago? Ez dago konstituzioan; lehenagokoa da, kanpoan dago, zeren hark baititu Estatua eta bere konstituzioa eratzen: ideia metafisiko, etniko edo esentzial bat bakarrik izan liteke, baina ez gauza legezko edo konstituzional bat, inondik ere. Konstituzioa "oinarritzen den"Espainiako nazioaren batasun zatiezin hori ere ez da gauza konstituzionala, zeren konstituzioa "hor" oinarritua baitago eta, beraz, "hori" ez dago izatez konstituzioan, baizik-eta lehenago edo kanpoan (edo inon ez, jakina). Konstituzioa oinarritua dago, erremedio gabe, gauza inkonstituzional, akonstituzional edo estrakonstituzionaletan: Espainia, nazioa, batasuna, zatiezintasuna, aberria eta banaezintasuna, gutxien-gutxienez; bi artikulutxotan bakarrik dozena-erdi bat esentzialkeria etno-metafisiko! Konstituzio bat "oinarrizko legea" omen da berez, baina oinarrizko horrek oinarrian ez du legerik, baizik eta fede bat, edo asko. Korapilo honen ezina, beste era batera adierazirik: konstituzio batek zerbait konstituitzen baldin badu, konstituzio horren aurretik, logikoki hitzeginez, bietako bat: edo zerbait dago edo ez dago; zerbait baldin badago, konstituzioak ez du ezer egiten, alferrikakoa da, eta, aldiz, aurretik ezer ez badago, hutsaren gainean eraikitzen du, asmatu egiten du, ez dena badela esaten ari da, eta beraz, gezurra da. (Geroko batean jakin nuen eztabaida hauek arruntak direla legejakintsu gorenen artean, baina fedabideetara oso nekez iristen direla, badaezpada.)

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa