Moxal legea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2016ko uzt. 22a, 19:11

Nazkaturik gizonen legeekin, nazkaturik ia gizon izatearekin berarekin, nazkaturik gizonaren gizalegearekin... zer egingo?, nora joko?, eta moxalari begira jarri naiz.

Behorraren eta zaldiaren umea da moxala. Eta beti da umea. Gehienez ere urtebeteko adina harrapa dezake moxalak, eta horregatik dago moxala beti adinik ederrenean. (Gero beste zerbait bihurtzen da, eta ez zaio "moxal" esaten.)

Beti umea da moxala, eta heldugabea, eta xamurra. Polita ere bada moxala, eta zerbait baldin bada horixe da: polita. Ez da "ederra": zaldiak eta behorrak izaten dira ederrak, edo berdin itsusiak, baina eder-itsusien merkatu horretatik kanpora dago moxala; polita da, eta besterik ez.

Moxalak ez daki emea edo arra den. Hau eta bestea senti ditzake bere larruan gozo-gozo eta bizi-bizi, baina hortik goragokorik adierazten ez daki. Edo "zaldiko" edo "behoka" den jakin beharra dakarren legeaz honuztik, moxala beti da moxal, arin eta ezjakin.

Grazia dauka moxalak, eta grazia egiten du. Etengabeko jolasguragatik?, xaltokako ibileragatik?, bere hanka-xuxtarrengatik? Ez dago jakiterik. Grazia egin egiten da, eduki egiten da, baina jakin, ez da jakiten.

Jarraitu albistea irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.