Bidea ez da bukatu

Erabiltzailearen aurpegia Berria Taldeko kontseilari ordezkaria 2014ko urr. 15a, 12:15

Hamaika urte eta gero, Egunkaria auzia itxi da; errugabea da Egunkaria, errugabeak haren arduradunak. Egindako kaltea ez dago erreparatzerik, enpresa bat horrela itxi izana eta arduradunak atxilotu, torturatu eta langileak kaleratu izana erreparatu ezina da. Baina gaur kaltetu guztiak ditut gogoan, nola ez; gaur pozik egoteko moduan gaude.

Behingoagatik, Egunkaria auzia itxi da. Hamaika urte eta hamaika sufrimendu eta gero.

Kasualiteetan ez dut sinisten, are gutxiago joko politiko-judizialaz ari garenean, eta Egunkaria-ren itxiera ez zen kasualitatea izan.

Aurretik ezker abertzalearen egiturak, presoen aldeko mugimendua, gazteak, Egin, Ardi Beltza jo zituzten, Ikastolak, AEK eta Elkar bezalakoak ere abisatuak zeuden, eta Egunkaria-rekin pauso bat harago jo zuten.

Azken batean, badakite herri baten eraikuntzan, komunitate baten osatze horretan zenbaterainoko garrantzia daukan komunikazio propioak eta burujabeak, komunikazioa norbere hizkuntzan egiteko gaitasuna daukaten egitura sendoek zenbaterainoko pisua daukaten herri, nazio edota komunitate bat osatzeko orduan. Arlo instituzionalarekin, hezkuntzarekin eta kulturarekin batera, beharbada arlorik garrantzitsuena da komu-
nikazioarena. Norbere hizkuntzan, jakina. Eta horren kontra jo zuten, ordurako euskal prentsaren erreferentzia zen Egunkaria-ren kontra.

Horregatik, ospatu bai, baina aurrera egitea dagokigu orain ere. Herri batek komunikazio eremu propioa behar duela sinisten dugulako, norbere hizkuntzan eta norbere kulturaren ikuspegitik komunikatuko duten komunikazio proiektuak behar ditugula sinisten dugulako, ez zaigu beste aukerarik geratzen, aurrera egitea besterik. Bidea ez delako bukatu.

Ez dut bukatu nahi gogoratu gabe oraindik hainbat lagun espetxean direla Egin auzia dela-eta, edo gogoratu gabe oraindik adierazpen askatasunaren kontrako erasoak egiten ari dela Espainia, Topatu.info-ren kontrako azkeneko ekimenak erakutsi digun moduan.