Eskerrik asko

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2015ko api. 27a, 10:31

Banoa. Duela bi urte pasatxo hasi zen esperientzia honi amaiera emateko ordua dela uste dut. Gainera, nahiko txapa eman dut eta honezkero aspertu zaituztet. Beraz, banoa. Baina ez dut eskerrak eman gabe joateko asmorik.

Gogoratzen dut, nola izan zen abentura honen hasiera, eta eskerrak eman nahi dizkiet lehenik eta behin berau posible egin zutenei. Orhantza Alegria eta Ainitze Agirrezabala, eskerrik asko, eta noski Uztarriari ere.

Herriko hedabidea, euskalduna, laguntzeko aukera emateagatik. Agian, euskaraz bizi den herri bateko kide izanik ez dugu behar adina baloratzen. Baina Euskal Herri euskaldun batean bizitzeko ezinbestekoak diren baliabideak diren heinean, harro sentitzen naiz nire barneko goragalea botatzeko balio izan didan espazio hori euskaraz bete izanaz. Euskaldunok euskaraz pentsatu, sentitu eta hitz egiteko beharra eta betebeharra ditugu, eta honelako espazioek aukera bikaina eskaintzen dute horretarako. 

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet etxekoei. Bizitzarako baliagarriak diren milaka lekzio emateagatik, lehenik. Baina gaiarekin lotura gehiago duenez, bi urte hauetan zehar nire ametsei ez hausten laguntzeagatik eman nahi dizkizuet eskerrak. Nire bizitza osoa eskaini diodan ametsak bizirik iraun dezan ezinbesteko laguntza izan zarete. Eta oraindik bizirik dirau, kosta bada ere. Topikoa da baina, ez zen posible izango zuek gabe. 

Eta eskerrak eman nahi dizuet zuei, irakurleoi. Idatzi izan dudan zerrikeria guztia, azaletik bada ere, irakurtzeagatik. A zer meritua... Baina, beno, azkenengo esfortzu gisa, esperientzia honetatik atera dudan ideia garrantzitsuenari bistaizo bat botatzea nahiko nuke.

Aurretik, beti

Hasieran, modu orokorragoan idazten nuen, kritiko. Gogoeta filosofikoei ere eskaini diet tartea eta maila askoz ere pertsonalagoan idazten bukatu dut. Uste dut orokorkerietaz idazteko, nahiz eta hausnarketa moduan eta modu konstruktibo batean egiten saiatu, ez dudala lizentziarik. Gai publikoetaz bai, baina ez jendartearen bizikera eta ikuskerez.
 
 
Bizitza gauza oso pertsonala da eta arazoz betea, batzuk bistakoak, eta asko eta asko ezkutukoak, eta ni ez naiz inor sentitzen, egun, besteek zer eta nola egin beharko luketen, edo nola egin dezaketen esaten jarduteko. Nahiz eta guztiok komunitate bat osatu, norberak bere bizitza kudeatzeko betebeharra du, eta kudeaketa hori ahalik eta justuena edo onuragarriena izateko tresnak eskuratu eta erabiltzeko ardura. Besteren bizitzaz iritzia ematea, beraz, akats larria da, ikuspuntu orokorretik maila konkretura pasatu gabe, ezagutu ahal diren aldagai gehienak ezagutu gabe, egiten bada. Ni ez naiz inor zuk zer egin behar duzun esateko, aurpegira ez bada, zuk esanak entzun ostean. Bitartean, nire bizitzaz hobe dut arduratu, eta ingurukoetaz ikasi.
 
Badakizue, gustatzen ez bazaizue, etorri nigana eta eztabaidatu, ez atzetik jardun. ;) Eskerrik asko.