Erantzunik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2015ko mar. 17a, 09:41

Denboran aurrera noan heinean, egiten dudanaren zergatiak bilatzeko joera hartzen ari naizela konturatzen naiz. Galderak eta galderak. Gero eta garbiago dut bizitza eta heriotza sinonimo direla. Edozein momentutan bukatzen dela. Ez dela 80 urte irauten duen lasterketa baten amaiera. Kontua da gatazka existentziala argitzeko nire buruari egiten dizkiodan galderek, gertakariei zentzua eman baino, zalantzazko zurrunbilo gero eta handiago batera naramatela.

Ondorio garbi bat bakarrik dut. Ez dago sufrimendurik gabeko bizitzarik. Bizitza sufrimendua da. Nahi duguna eta ukatzen zaiguna lortzeko borroka amaiezina da. Eskutan duguna kentzen digun lapurra da. Errusiar erruletako bala da. Baina hain da ederra...eta amaiera dauka. Zergatik da horrelakoa?

Beti izan naiz heriotzarekiko beldurti. Nahiz eta bizitzak iraungitze data duela jakin, ezin dut oraindik hortan pentsatzen jartzean zirrara urduri beldurti bat sentitzea ekidin. Asko kostatzen ari zait gure existentziaren zentzua ulertzea, eta ez nuke hori jakin arte hemendik alde egin nahi. Zein gara eta zergatik gaude hemen? Askotan duda egiten dut, kasualitateak ala kausalitateak, edo bien arteko nahasketa batek, esplikatzen duen ni hemen egotea. Kausala da gure existentzia, eboluzioa eta gauden egoeran, orain, hemen egotea? Ala kasualitatea? Denak du bere esanahia aurretik gertatu denean, edo inkoherentzi eta zentzugabekerien plaza den unibertsoari zentzu bat emateko saiakera egozentriko bat besterik ez da? Arraultza ala oiloaren galderatik ezin dut aurrera egin.

"Zergatik nago hemen?"

Behin pasatutakoaren azalpenak lortzeko gaitasuna dugu. Big Bangetik oraindaino esplika ahal daiteke, ziur, ni zergatik nagoen nire tabletan hau idazten. Baina zergatik Big Banga? Zergatik gelditu zen lurra eguzkiaren orbitan? Zergatik bizi ahal da hemen eta ez Marten? Noski, azalpen zientifikoa izango du. Baina horrela zergatik izan da eta ez beste era batera? Asko maite dut bakardadea. Bakarrik nagoenean buruko zurrunbiloak, noizean behin, ideia argiren bat eman ohi dit, edo lekzio bat, bizi izan dudan pasarteetatik aterea. Zergatik da gure existentzia den bezalakoa? Jaio, sufritu, bizi, borrokatu, zapaldu, eutsi, drogatu, lan egin, inposatu, maitatu, babestu, erasotu, irabazi, galdu, defenditu, pentsatu, gaixotu, gozatu, aspertu, erotu, emozionatu eta hiltzea, zergatik gertatzen dira?

Ez dute aurkitzen azalpenik, aukera asko egonik bat beharrean bestea ez gertatzeko. Zergatik bizi-hiltzen gara? Zergatik ez naiz gauza hemen zergatik nagoen jakiteko?

Bizitzak zentzua izatea nahi dut. Baina ba al du? Nola bizi behar da? Maximek balio al dute? Historia idazten dugunez, memoria dugunez, aurrekoari jarraituz eta garatuz antolatzen dugu bizitza. ADNean hilezkorrak gara. Baina gure historia ez da infinitua, beraz, zergatik agertu ginen hemen? Zergatik errepikatzen ditugu akats berdinak behin eta berriz ? Arrazoia erabiltzen ikasiko al dugu noizbait? Zergatik ordenatu nahi dugu kaosa?

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.