#Libre

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2015ko ots. 19a, 10:34
Animo gazteak. Ulertezina ez bada ere, onartezina delako, zuekin gaude. Zer premia dago duela bost urte pintada bat egiteagatik eta identifikatu gabeko bi pertsonak heldu zietenean ihes egiten saiatzeagatik, bi gazte bina urteko kartzela zigor mehatxupean eta beste zortzi hilabeteko kartzela zigorra jasotzeko arriskuan edukitzeko? 
 

Izan ere, ulertezina ez da, nahiz eta hala behar lukeen, Espainiako estatuan kalean mugitzen den edonor, bai elkartasunez, bai errealitatearekin konforme ez dagoelako, egurtzeko dagoen jarrera. Nahiz eta Mariano Rajoy Parisera joan adierazpen askatasunaren alde-edo urtarrilean, Charlie Hebdoren erredakzioan eginiko hilketen ondoren, erresumak 'Pou Askatu' idazteagatik eta terrorismoa goratzeagatik bi urteko espetxe zigorra eskatzen du bi gazteentzat. Ulertezina? Ez, tamalez, baina onartezina bai, inondik inora. 

Esango al dit norbaitek terrorismoa non dagoen esaldi horretan? Pou ala askatu da terrorismoa? Argi dago, askatasunaren aurka historikoki Espainiak izan duen kruzada. Beraz, munduan bere burua demokratikotzat duen estatu eta pertsona orok bultzatzen duen balore nagusia, askatasuna, eta bere aldarria, terrorismoa, dira Espainiako erresuman. Ulertezina? Ez, tamalez. Askatasuna, eguzkia jartzen ez den inperioan, gutxi batzuen esku dago. Duen balioa, ordea, milioiekin besterik ezin da ordaindu. Gainontzekoentzat, zirkoa, eta ahal duenak eros beza ogia. 

Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango den pintada bat egiten ari zaren bitartean, bi ezezagun atzetik etorri eta bortxaz lurrera botatzen edo 'reduzitzen' ahalegintzea. Zure buruan zure laguna denari elkartasuna adieraztea besterik ez, eta tiroketa bat egiten in fraganti harrapatu bazintuzte bezalako tratua. Eta, gainera, zortzi hilabeteko zigor eskaria, zure gainera bota diren horiek lesionatu dituzulako medikuaren txostenaren arabera. Ulertezina? Ez, tamalez. 

Eta larriena dena, bost urteotan zehar deliturik egin ez, eta instrukzioa betetzen zen bitartean, orain Madrilen, orain Parisen, orain hemen bertan, paper zahar horiek baino buelta gehiago ematen dituela buruak. Zorionez mutilak indartsuak dira eta aurrera egin dute denbora honetan. Nik ez dakit zer egingo nukeen, ezer txarrik egin ez, eta instrukzio penal bat aurrera eramaten ariko balira ni gaizkiletzat jotzeko. Eta zuek?

Onartezina da 

Onartezina da elkartasuna eta askatasuna aldarrikatzea kriminalizatzea. Onartezina da hainbat eta hainbat urtetan milaka euskal herritarri eman zaion tratua, eta ez orain, garai politiko berria delako edo ez delako, estatu batek bere herritarrei hori egiteko zilegitasunik ez duelako baizik. Inoiz, inon, sekula. Horrelako jarrerek jendearen erantzuna piztu dute, eta piztuko dute, gure aldamenekoari, lagunari, ezagunari edo herritarrari tratu eta bizitza duina opa diogulako. 

Esan dezatela terrorismoa goratu dutela, ertzainak egurtu dituztela, eta irain gehiago bota ditzatela. Gu, Xabier eta Orhantzarekin gaude, geunden eta egongo gara. Zortea opako nieke Audientzia Nazionalean horretarako aukerarik balego. Besarkada bana, eta muxu pila bat. Egurra, ta kitto!

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.