Ekainaren 5eko herri galdeketa

Zapatuan grabatuko den lipduba babestu dute herriko hainbat eragile eta norbanakok

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko mai. 24a, 11:47
Atzo, astelehena, egin zuten agerraldia lipduba babestu duten hainbat talde eta eragilek.

Ekainaren 5eko herri galdeketa babesteko lipduba grabatuko da zapatuan, hilak 28. Egunera begirako antolaketa errazteko, lipdubean parte hartu nahi dutenek hitzartulipdub@gmail.com helbidera idatzi behar dute. Dagoeneko 40tik gora eragilek erabaki dute bertan parte hartzea.

Astebete pasatxo baino ez da falta ekainaren 5eko herri galdeketarako, eta azken txanpa honetan ere galdeketari babesa emateko egitasmoak antolatuta ditu Hitzartuk. Maiatzaren 28an, zapatuan, lipduba grabatuko da herriko kaleetan. 18:00etan elkartuko gara plazan, eta ondoren hasiko da grabaketa.

Elizkalean hasi eta Perez Arregi plazatxotik igarota, Erdikalean behera, plazan bukatuko da lipdubaren ibilbidea. Dagoeneko 40tik gora eragilek, norbanakok eta taldek erabaki dute bertan parte hartzea, eta horiei egunotan jakinaraziko zaie ibilbideko zein tokitan egon beharko duten. Dena den, ibilbide guztia jendez betetzea da helburua, eta zuen laguntza behar dugu horretarako. Beraz, norbanakoei, lagun taldei, familiei eta abarrei dei berezia egiten diegu zapatuko egitasmoan parte hartzeko. Horiek guztiek izena eman dezakete aurrez, bai banatzen ari garen papertxoetan eta bai hitzartulipdub@gmail.com helbidera idatzita.

Izen-ematearen xedea da egunera begirako lanak erraztea antolakuntza taldeari. Hala eta guztiz, egunean bertan ere agertu eta grabaketan parte hartu ahal izango dute aurrez izena eman ez dutenek.