Ekainaren 5eko herri galdeketa

Herri galdeketarako aurretiazko bozka emateko epea zabalik da

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko mai. 23a, 15:10

Dagoeneko eman daiteke ekainaren 5eko herri galdeketarako aurretiazko botoa, Gure Esku Dagoren lokalean, (Foru Ibilbidea 7). Zapatuan ireki zen aurrez bozka emateko epea, eta dagoeneko eman dute euren bozka hainbat herritarrek. Ekainaren 5eko herri galdeketan egongo ez diren pertsonek bozkatzea posible izan dezaten jarri du Hitzartuk aukera hori. Horrela, bi asteko epea izango dute pertsona horiek bozka emateko, ekainaren 3a arte.

Astegunetan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era bitartean eman daiteke botoa. Larunbatetan, aldiz, 11:00etatik 13:00etara.

Aurretiazko botoa eman behar duten bizilagunek ekainaren 5ean botoa eman behar dutenen ezaugarri berak izango dituzte: Azpeitian erroldatuta egon beharko dute, eta 16 urte edo gehiago izan. Horrez gain, dokumentazio bera eskatuko zaie: NANa, pasaportea, ENHA edo, etorkinen kasuan, identifikatzeko balio duen argazkidun dokumentu ofizialen bat. Gogoratu: dokumentu horietan ez badu jartzen egungo bizitokia Azpeitia dela, errolda agiria ere beharrezkoa izango da botoa emateko. Dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, ez da onartuko fotokopiarik.

Bestalde, botoa emateko etxetik mugitu ezin duten pertsonentzat ere jarriko da zerbitzu berezi bat. Gaixotasun edo ezintasunen bat dutenek etxetik eman ahal izango dute boza, beraz. Horretarako, eskaera egin beharko du boto-emaileak, hitzartuazpeitia@gmail.comhelbidera idatzita. Behin eskaera eginda, boto-emailearen etxera joango dira horretaz arduratzen diren jarraipen batzordeko kideak, aurrez adostutako egun eta orduan. Zalantzarik izanez gero, Hitzarturen telefono zenbakira deitu daiteke: 639-71 38 12.