Herri galdeketa babesteko lipduba izango da maiatzaren 28an

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko mai. 12a, 13:58
Independentziaren inguruko herri galdeketa baino astebete lehenago, maiatzaren 28an, zapatua, galdeketa babesteko lipduba grabatuko dugu. Dagoeneko hasi gara herriko eragileekin, taldeekin eta norbanakoekin grabaketaren inguruko xehetasunez hitz egiten, eta datozen egunetan joango gara informazio zabalagoa eskaintzen.\ \ Dena den, jada zehaztuta daude grabaketa ordua eta ibilbidea. 18:00etan elkartuko gara, ibilbidea jendez bete eta grabaketari ekiteko. Burdinbidearen Euskal Museoaren aurretik hasiko da lipdubaren grabaketa, eta Perez Arregi plazatxotik eta Erdikaletik igaro ostean, plazan bukatuko da sekuentziaren grabazioa. Lipduba 'Hitza, etorkizunaren giltza' abestiak lagunduta errodatuko da. Abesti hori joan zen apirilean aurkeztu zen; ondoko loturan duzue bideoklipa: http://uztarria.eus/komunitatea/Hitzartu/1461837485\ \ Ibilbide guztia jendez betetzea da helburua, eta zuen laguntza behar dugu horretarako. Eragileei eta taldeei dei berezia egiten diegu taldean parte hartzeko. Norbanakoek, berriz, aurki izango dute lipdubean izena emateko aukera. Eta egunean bertan ere agertu eta grabaketan parte hartu ahal izango dute.