Ekainaren 5eko herri galdeketa

Herri galdeketaren alde sinatzeko azken egunak dira

Herri galdeketaren alde sinadura emateko azken egunak hurbiltzen ari dira. Martxoaren 12a bitartean izango dute azpeitiarrek horretarako aukera. Izan ere, sinaduren fasea bukatuta, galdeketa prestatzen hasiko dira Hitzartuko kideak. 1.500 sinaduren langa igaro genuen, baina guzti-guztiak dira beharrezkoak, urtarrilean dozenaka lagunek hasitako bideari jarraipena ehundaka herritarren artean eman diezaiogun.

Kriseiluen gauarekin emango diogu bukaera sinadura bilketari. Martxoaren 12an bertan, 19:30ean, sinadura guztiak zenbatuko ditugu plazan, eta lehen fasearen bukaera irudikatuko dugu zerua ukitzen duten ilusio sugarrekin. 20:00etan botako ditugu, hain zuzen, koloretako kriseiluak zerura, Zelai Luzen.

Kriseiluen gaua

Herritar guztiak zaudete gonbidatuta parte hartzera kriseiluen gauean. Horretarako, kriseiluak salgai daude dagoeneko Gure Esku Dagoren lokalean; astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, eta astearte eta larunbatetan, 10:30etik 12:30era. 2,5 euroren truke aukera izango duzue zuen ilusio izpia, besteekin batera, aireratzeko.

Berebiziko garrantzia du martxoaren 12ak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ibilbide honetan jarraitzeko pauso garrantzitsua izango delako. Horregatik nahi dugu denek parte hartzea, haur, gazte, heldu, adineko... borondateak ez duelako adin, sexu eta ideologiarik. Bestalde, gogorarazi nahi dizuegu larunbatean, 12:00etan, argazki erraldoia aterako dugula Sanjuandegin, Jose Antonio Agirre plazan. Han ere izango duzue sinadura emateko aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide