Ekainaren 5eko herri galdeketa

Lortu ditugu 1.500 sinadura, herri galdeketa egingo dugu ekainaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko ots. 15a, 14:22

Erronka bete badugu ere, garrantzitsua iruditzen zaigu herritarren atxikimendua jasotzen jarraitzea. Hori dela eta, epea bukatu artean, martxoak 12 arte, sinadurak biltzen segituko dugu.

Erronka argia plazaratu zuen Hitzartu elkarteak urtarrilaren 14an: bi hilabeteko epean, 1.500 sinadura lortzea. Honakoa genuen helburu: Azpeitian, erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketa egitea. Hilabete igaro da ordutik, eta Azpeitian erroldatutako sinatzaileei esker, lortu dugu langa hori pasatzea.

1.500 sinaduratik gora ditugu eskuartean, 1.500 herritar baino gehiagok adierazi dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko nahia, beraz, ez dago atzera bueltarik: herri galdeketa egingo dugu ekainaren 12an. Izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar? galdetuko diegu Azpeitian erroldatutako 16 urte edo gehiagoko lagunei, baietza edo ezetza adieraz dezaten. Herritarrei esker lortu dugu honaino iristea, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hasi besterik egin ez den bide honetan sinatu eta lagundu duten guztiei.

Hala ere, bi hilabeteko epea jarri genuen sinadurak biltzeko, eta horretan jarraituko dugu. Argi dugu zenbat eta sinadura gehiago izan, orduan eta zilegitasun gehiago izango duela galdeketak.

Oraindik sinatu ez dutenek, beraz, aukera dute martxoaren 12a bitartean beraien atxikimendua emateko. Lehen 1.500 sinadurak bezain garrantzitsuak dira datozen guztiak. Horrenbestez, martxoaren 12a bitartean luzatuko dugu sinadura bilketa. Gure Esku Dagoren lokalean eta kaleetan ikusiko gaituzue, orain artean bezalaxe, zuen sinaduraren bila.

Bukaera, kriseiluen argipean

Kriseiluen ekimenarekin bukatuko da sinadura bilketa martxoaren 12an. Herriko plazan bilduko gara 19:30ean, azken sinadurak zenbatzeko; eta, ondoren, ilusioaren suarekin piztutako kriseiluak aireratuko ditugu herritar guztiok. Herritarren unea iritsi dela irudikatuko dugu martxoaren 12an, borondatearen eta elkarlanaren argiak piztuta.