Han eta hemen

Zeinen zaila!

(Argazkia: Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2024ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Japoniako gutxiengoak diren ainuen kultura ezagutzeko ekitaldira joan nintzen, eta baita gogotik gozatu ere. Gaur egun ainuek japonieraz hitz egin eta bizimodu erabat japoniartua daramaten arren, belaunaldi guztietako ainuak ari dira beraien kultura mantentzeko eta aurrera eramateko ahaleginak egiten. Ikasten eta transmititzen ari dira: artelanak ere badiren tresnak eta ehunak egiten; diseinu tradizionalak gauza modernoetan aplikatzen; zeremonia zaharrak berpizten; kantuak, dantzak, ipuin kontaketak eta abar gauzatzen. Horrela, haien kulturaren arlo asko, inoiz galzorian izan ziren arren, ez dira inoiz galdu.

Azpimarratu behar dena da beraien hizkuntza, ainuera, berreskuratzea asko kostatzen ari zaiela. Ainueraren hiztunak urteetan zehar gutxituz joan ziren, azkenengo hiztun natiboa duela urte batzuk zendu zen arte. Egun ainu gazte asko ari dira ainuera ikasten, hala ere, eguneroko bizitzan (egun osoan ez bada ere) hizkuntza horretan bizitzea ez dute lortzen. Ikusten da galdutako hizkuntzak berpiztea eta berreskuratzea zeinen zaila den. (Soilik liburuetan eta diskoetan gordeta edukitzea ez da nahikoa).