Saninazioak 2016

San Inazio festen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Haujijijai Batzordea 2016ko abu. 9a, 11:20

Pasa dira Azpeitiko festak. Eta urtero bezala, heldu da festen inguruan hausnarketa bat egiteko garaia ere.

Hasteko eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu festa eredu herrikoiarekin bat egin eta borondatez lanean ibili zareten guztioi. Borondate hori izango baita, aurrerantzean ere gure ekimenei bide emango diena.

Hori esanda, aipa dezakegu aurtengo festak arrakastatsuak izan direla bai parte-hartze eta bai giro aldetik, eta ekimen gehienetan ez dela arazo handiegirik egon. Ekimen guzti horietan saiatu gara gure balore eta printzipioekiko koherente izaten, ingurumena errespetatzen, parekidetasuna lantzen, arlo guztietan euskaraz funtzionatzen eta euskal preso politiko eta iheslarien eskubide urraketak salatzen.

Euskal Herrian, aurtengo uda bereziki iluna izaten ari da eraso sexistei dagokienez, eta aurtengo festetan salaketarik aurkeztu ez bada ere, garbi utzi nahi dugu horrek ez duela esan nahi hauek eman ez direnik. Borroka honetan tinko jarraitu behar dugula uste dugu, bide luzea baitago erabateko parekidetasunera heltzeko.

Eskaintza kulturalari dagokionez, aurtengoan zenbait berrikuntza sartu ditugu egitarauan, batukada herrikoia eta kale-antzerkia esaterako, eta oso positiboki baloratzen ditugu bai parte-hartze eta bai erantzun aldetik, uste dugulako, eskaintza kulturalak ezin duela kontzertuetara soilik mugatu.

Berrikuntzekin jarraituz, aurtengo herri bazkarian, begetariano eta beganoek ere izan dute bertan bazkaltzeko aukera; eta ildo honetatik jarraitzea espero dugu. Horretaz gain, gure txosnetan, Euskal Herrian ekoitzitako artisau garagardoa ere izan dugu, bertako produktuei bultzada bat ematen saiatuz.

Marea arroxak jaso dituen kritika ezkorren harira, esan nahi dugu, guk garbi dugula festak zeren gainean eraikitzen ari garen eta ze festa ereduren (politikoa hau ere) alternatiba garen. Horrelaxe jarraituko dugu lanean, benetan sinesten dugulako egiten ari garen honetan. Eztabaidatu beharrekoa, asteroko asanblada irekietan eztabaidatzen dugu, hots, herritar guztiek parte hartu dezaketen asanbladetan. Hau da gure politika.

Amaitzeko, elkartasuna helarazi nahi diegu festen testuinguruan euren baloreen hausnarketa zabaldu nahian  erabilitako bitartekoengatik errepresioa eta kritika jaso duten beste herri eragileei, Oinatz elkarte animalista kasu.

Gora festa herrikoiak!!!