Pentsamenduen informatika

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2020ko mar. 29a, 11:00

Felipe Murillok 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

2020. egutegian ikusteak zirrara sortu zidan. Aurreko mendekook futurista jartzen ginenean ager zitekeen 2020a, auto hegalari eta guzti. Eta danba! Oraina da. Ez gara ilargian bizi eta ez gaitu robot armada batek bahitu, baina asko aurreratu dugu teknologian. Nago aurrea hartu ere egin ote digun zenbaitetan. 2.0 modernitatearen sinbolotzat saldu zigutenetik auskalo zein X.0-n gauden jada. Eta gauzak asko aldatu dira.

Kuriosoa da, ordea, aldaketa informatikoak nola garatzen diren. "Ordenagailuan duzun sistema eragilearentzat ez dago jada eguneratzerik", esan zidan teknikoak. Ez nion ulertu baina sistema guztia aldatu zidan, modernitatearen izenean. Niri Windows hura gustatzen zitzaidan, ohituta nengoen, banekien non zegoen programa bakoitza, baina... dena hankaz gora jarri didate eta orain berrira moldatu behar.

Kognitibismoa izeneko korronte psikologikoak sortu zuen "ordenagailuaren metafora", informazioaren prozesamenduan giza garunaren eta ordenagailu baten arteko paralelismoa eraikiz. Eta ameskerietan, zenbait pentsamendu sistema zaharkituen ordezkatzeak imajinatzen ditut. Gizartea aurrera doan heinean ideia zaharkituekin zabiltzala? Sistema operatiboa aldatu behar duzu, zure ideien eguneratzerik ez dago bazterretan. Ideia homofoboak dituzula? Arrazismoaren aldeko diskurtsoa eraikitzen dutela zure pentsamenduek? Ez dituzula ideiak feminismotik eraikitzen? Sistema berritzera.

Nazkatu naiz adierazpen askatasunaren banderapean sustatzen duten pentsamendu askatasunaz, edozein ideia zaharkituri lekua egin behar bagenio bezala. Ez, maiteok: pentsatu aurretik entzun, ikusi, irakurri, sentitu, bestearen lekuan jarri... zeuon sistema eragileak berritu eta gero, gerokoak. Noizko? Bi mila eta...?