Geure buruaz beste bat

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko abe. 11a, 10:08

Felipe Murillok 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Amets, zatoz jada nigana", abesten zuten rockero zaharrek. 05:00ak dira hitzok zirriborratzen ditudanean, eta amets batek esnatuta eseri naiz ordenagailu aurrean. Lo gaudela amets egiteko aukerak ezaba ditzakeen makina bat asmatzearekin egin izan dut amets esna nagoela. Izan ere, gaueko programazioa egonezinek eta beldurrek betetzen dute normalean.

Bere buruaz beste egiten saiatu dela aitortu dit lagun batek gaurko ametsean. Ametsa izan ez balitz, seguruenik, ez nituzke ilara hauek idatziko, isilpean gordeko nuke sentitzen dudana, ulertzen ez dudana. Suizidioa oraindik estigma eta tabu da, nahiz eta amesgaizto horretatik atera ezinik bizi den gure inguruan hainbat pertsona, lagun eta familia; izan ere, arrazoi ez-naturaletan, lehen heriotza kausa da.

Suizidiora bultza dezakeen eta ekintza horrek ingurukoengan sorrarazten duen sufrimendua bizi ez duen batek idatzia izaki, errazkeria izan daiteke artikulu hau. Egia da, baina gizarte bezala nekez egingo diogu aurre errealitate horri, gaiaren inguruan hitz egiteko gai ez bagara. Sufrimenduaren inguruan mintzatzeko trebatzen ez bagara, nekez ulertuko ditugu besteen oinazeak, nekez izango gara gureak partekatzeko eta kudeatzeko gauza. Suizidioa ez da hiltzeko nahia, sufritzeari uzteko beharra baizik. Gertatzen denean denok asaldatzen gara, eta egun batzuetan, pertsona goraipatzen dugu ekintza kritikatzen dugun bitartean. Dena ulertuko bagenu bezala, izenondoz betetzen ditugu pertsona eta erabakia. Guztia baretzen denean, ordea, bizkarra eman ohi diogu arazoari (eta ondorioz pertsonei) beste kasu batek berriro barrua mugitzen digun arte.

Arazoari begietara begiratzen ausartzen garen bitartean, udazken koloretan "hitaz oroit" zabiltzaten horiei besarkada bana.