Kontra esanak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko uzt. 5a, 11:17

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ziur aski zuk ere ezagutzen duzu norbait. Segur aski ezagutzen duzu bizitza osoa eliza katolikoa kritikatzen pasatu ondoren, ezkontzeko basilika (edo baseliza) aukeratu duenik. Seguruenik ezagutzen duzu mezu ezkertiar, aurrerakoi eta antikapitalistak askotan hizpide izan dituen baina bigarren etxebizitza edo kotxea erosteko tentazioari (edo "aukerari") muzin egin ezin izan dion baten bat. Agian inguruan daukazu argumentu feministekin borrokarako prest dagoenik, baina intimitatean emakumea iraintzen duen pornografia kontsumituz masturbatzen denik. Hurrean ezagutzen duzu ekologismoaren alde egiten duen arren, Sanjuandegitik Alde Zaharrera beti kotxez mugitzen den hori. Tokatu zaizu, sindikalista izanagatik, langileen eskubideen alde egiten zuen hark beste postu pribilegiatuago bat lortu eta enpresako zuzendarien aldeko erabakiak hartzea. Noizbait, euskal musikaren alde sutsuki egiten duena reggaetoia dantzatzen ikusi duzu edo poltsa euskararen aldeko pinez beterik daukana gaztelaniaz hitz egiten... Hau zerrenda amaigabea!

Ez da erraza, kamarada, eta gainera, aurkarien kontrako argudioen bila gabiltzanean, besteen kontraesanak geure arma bilakatzen ditugu. Ziur aski zuk ere ezagutuko duzu baten bat, edo zu zeu zara horietako bat. Izan ere, horixe gara gu: norbera eta kontraesanak. Edo hobeto esanda, gu geu ere kontraesana gara.

Kostatu egin zait nire kontraesanen itsasoan igeri egitea, baina inor ez itotzeko, agian norberaren esku utzi behar genuke jasan dezakegun kontraesanen kopurua eta soinean eraman dezakegun zama zenbatekoa den erabakitzea. Hitzok besteen kontra esandakoetan bihurtu baino lehen, behinik behin.