Euskaraldia

Gaurtik aurrera izena eman daiteke Euskaraldian, Ahobizi edo Belarriprest bezala

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko ira. 20a, 10:43

Gaur ireki da Euskaraldian izena emateko aukera. Euskara sustatzeko ariketa sozial honetan izena eman nahi dutenek, horretarako aukera dute izenematea.euskaraldia.eus webgunean. Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duten erabaki, eta datu batzuk bete beharko dira. Interneteko aukeraz gain, herriko batzordeak kalean izena emateko aukera ere eskainiko du datorren astetik aurrera.

Behin izena emanda, batzordeko kideak zurekin harremanetan jarriko dira azaroan, dagokizun txapa jasotzeko eta ariketa honi ekiteko.

Ariketa sozial hau azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, eta helburua da hizkuntz ohiturak aldatzea zein euskararen erabilera sustatzea. Hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea. Horretarako, herritarrek bi rol hauen artean erabaki beharko dute:

Ahobizi: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.

Belarriprest: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu.

Azpeitiarrok zeresan handia dugu Euskaraldian; izan ere, gure herriko egoera soziolinguistikoari ekarpena egiteaz gain, inguruko herrietan eta hirietan ere eragin dezakegu. Herri euskaldun bateko bizilagun bezala, euskara gurekin emango dugu edonora, eta indarra emango diogu Euskal Herri osoan zabal dadin.

Erronka honi heldu, eta Ahobizi edo Belarriprest izatera gonbidatzen zaitugu. Esan gabe doa, zenbat eta lagun gehiago izan, orduan eta gehiago aldatuko dugula herri honen errealitatea.